Ekonomia -

Osasun krisia

Premiazko erreskatea, 187 milioi eta % 4ko BEZa eskatu dute EAEko ostalariek

Ostalaritza sektoreko 13.600 enpresa txiki eta ertain daude EAEn, eta 60.000 lanpostu sortu dituzte horiek. Alabaina, laguntza neurriak berehala aktibatu ezean, lanpostuen % 25 galduko dute.

Premiazko erreskatea, 187 milioi eta % 4ko BEZa eskatu dute EAEko ostalariek. Argazkia: EFE
Premiazko erreskatea, 187 milioi eta % 4ko BEZa eskatu dute EAEko ostalariek
Premiazko erreskatea, 187 milioi eta % 4ko BEZa eskatu dute EAEko ostalariek. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalarien elkarteek jakinarazi dute sektore horrek 16.000 lanpostu galduko dituela administrazio publikoek premiazko erreskate plan bat abiatu ezean. Hain zuzen ere, 187 milioi euroko galerak konpentsatuko dituzten diru-laguntzak, BEZa %4ra jaistea eta aldi baterako lan erregulazioko espedienteak berrikustea galdegin dute.

Hiru lurralde horietako ostalarien elkarteetako presidenteek, Bonifacio Garciak (Bizkaia), Mikel Ubarrechenak (Gipuzkoa) eta Elena Martinek (Araba), prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei aurkeztu dieten laguntza plana ezagutarazteko.

Arratsaldean, Gasteizen lehenengo bilera egingo du erakunde arteko Mahaiak turismoan, ostalaritzan eta merkataritzan hartuko dituzten neurriak aztertzeko.

Ostalaritza sektoreari dagokionez, 13.600 enpresa txiki eta ertain daude EAEn, eta 60.000 lanpostu sortu dituzte horiek. Alabaina, laguntza neurriak berehala aktibatzen ez badira, lanpostuen % 25 galduko dutela ohartarazi dute hiru ordezkariek.

Gainera, 2021eko martxorako erkidegoan 1.000 establezimendu gehiago itxi lezaketela aurreikusi dute, Elena Martinen esanetan.

Hala, eskatutako plana bost arlotan dago oinarrituta. Horietako batean, ostalariek laguntza publikoak exijitzen dituzte, konfinamenduan eta murrizketak indarrean egon diren bitartean izandako galeren % 50 konpentsatzeko; guztira, 187.80.000 euro.

Modu horretan, enpleguari eusteko izandako galerak, alokairuen ordainketak, itxialdian erabili ez dituzten hornikuntzak eta murrizketen ondorioak konpentsatu nahi dituzte.

Horrekin lotuta, aldi baterako enplegu erregulazioei buruzko akordioa berrikustea nahi dute "ez delako sektore honentzako aproposa".

Beste eskaeretako bat da, Jaurlaritzaren babesarekin, Madrilen proposamen bat aurkeztea, BEZaren jaitsiera aldarrikatzeko. Zehazki, % 10etik % 4ra jaitsi nahi dute.

Era berean, ostalaritza komunikabideen "arreta gunea" ez izatea eskatu dute. Bizkaiko ordezkariak azaldu duenez, "ez da egia" kutsatze gehienak ostalaritza establezimenduetan jazotzen direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa