Ekonomia -
Koronabirusa
Bizkaiko Ostalaritza Elkartea: "Neurri batzuk ulertezinak dira, aukerak zeuden"
"Jakina, birusak ez du gehiago kutsatzen ordu jakin batetik aurrera”, salatu du Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak, gaueko ordutegietako mugaketaren inguruan.
Agentziak | Erredakzioa
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerentearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko iragarri dituen neurrietako batzuk "ulertezinak" dira, eta, nahiz eta egoera larria dela onartzen duen, nabarmendu du beste aukera batzuk ere bazeudela: "Ez naiz mediku-aditua, baina, jakina, birusak ez du gehiago kutsatzen ordu jakin batetik aurrera", gaitzetsi du, ostalaritzako gaueko ordutegietako mugaketaren inguruan.
Europa Pressi egindako adierazpenetan, Sanchezek azpimarratu du ulertzen duela "egoera zaila" dela, guztientzat, pandemiagatik, baina eskatu du neurriak berriro aztertzea, bai eta laguntza-plan bat: "Sektoreko ohiko jarduera are gehiago mugatzea dakarren edozein neurri egotekotan, ez dago albiste onik. Beste aukera batzuk zeuden, segurtasunari eutsita", esan du.
"Sektoreko enpresak bizirik jarraitzeko, eta lanpostuei eusteko, erreskate-plana egon behar da; bestela, enpresa askok ezin izango dute biziraun", azaldu du gerenteak.Sanchezen iritziz, gaueko aisialdia erabat ixten duen neurria da ulertezinena, eta berretsi du hirugarren eta laugarren taldeek ere badutela "ahalmen legala" egunean zehar irekitzeko. "Establezimendu batzuek, arratsaldean, kopak eskaintzen dituzte, edo terraza dute; ezin da ulertu itxiera erabatekoa izatea", deitoratu du.
"Norbaitek esan lezake legea ez litzatekeela beteko, baimenduko balitz. Beteko ez balitz, arduraduna zigor dezatela; baina, batzuek gauzak ondo ez dituztelako egiten, are gehiago mugatzea… ez da logikoa", protestatu du.
"Laguntzarik eman ezean, hilko gara"
Sanchezek nabarmendu nahi izan du kontua dela aukerak ematea: "Gure taldea, ez bazaio laguntzen, bidean geratuko da". "Musika, ordutegiak, edo zerbitzu-mota arautu ahal dira; kontrakoa litzateke jarduera guztiz ixtea, eta hori ez da gertatzen beste sektoreetan".
Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ez du uste Estatuko laguntzak kenduko dituztenik, nahiz eta iragarpen berririk ez izan, eta epeak irailean amaituko diren. Laguntza horiei esker, sektoreko hainbat establezimenduk eta beste enpresa eta industria askok langileen gastuak ordaindu ahal dituzte.
Bizkaiko ostalarien fakturazioak "% 50 egin du behera, gutxi gorabehera", eskualdearen arabera. Kostaldeko herrietan, Sanchezen esanetan, ostalaritza eusten ari zaio; Bilbon edo Barakaldon, aldiz, "egoera oso zaila da".
Bizkaiko ostalariek ez dute uste aldi baterako lan-erregulazioak bertan behera utziko dituztenik: "Horrek ekarriko luke lurralde historikoko ostalaritza-establezimenduetako % 50etik gora desagertzea". Lan-erregulazio horiek kenduko balituzte, "ezinezkoa litzateke lan-gastuei eustea; ez ostalaritzan, ezta gainerako sektoreetan ere", azpimarratu du.
Horrekin lotuta, zehaztu du ez dela tamainaren araberako kontua: "Nork du egoera zailagorik: autonomo bat duten tabernek, edo 50 langile dituztenek? Hemen, denok ari gara sufritzen", esan du, eta gehitu ere gehitu du: "Laguntzarik ez badigute ematen, bidean hilko gara".