Ekonomia -

LANA

Lan-erregulazioko laguntzak uztailaren bigarren hamabostalditik eskatu ahalko dira

Online inprimaki bat jarriko da bide bakar gisa Lanbideren web-orrian (lanbide.euskadi.eus).

Langile bat Bilbon. Irudia: EFE
Langile bat Bilbon
Langile bat Bilbon. Irudia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak aparteko laguntzen deialdia onetsi du gaur, covid-19aren ondoriozko aldi baterako lan-erregulazioko espediente baxuenak dituzten langileentzat, patronalak, sindikatuek eta Jaurlaritzak Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren Enplegu Taldean adostu zuten bezala. Deialdi horrek laguntza horietara jotzeko bete behar diren baldintzak arautu eta haiek eskatzeko mekanismoa ezartzen du. 

Zehazki, Lanbideren web-orrian (lanbide.euskadi.eus) inprimaki bat gaituko da, online, eta hori izango da bide bakarra eskabidea egiteko. Inprimakia telematikoki bete ahalko da eta ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko; hala, edozein gailutik bete ahalko da. Erabaki denaren arabera, eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2020ko urriaren 20an amaitu. Argitalpen hori uztaileko bigarren hamabostaldian egitea aurreikusten da.

Onuradunei diru-laguntza hilero ordainduko zaie, hura eman ondoren, baina, aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak aldi horretan eskatzaile bakoitzari aitortutako langabeziagatiko prestazioaren iraupena eta zenbatekoa.

Lanbidek 15,46 milioi euroko aurrekontua du deialdi horri aurre egiteko. Ekainaren amaieran, 37.000 pertsona inguru zeuden aldi baterako lan-erregulazio egoeran eta betetzen zuten, a priori, laguntza horretara jotzeko eskakizun ekonomikoa.

Deialdia uztailean, abuztuan eta irailean lan-erregulazio egoeran dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzentzen zaie. Zehazki, hilean 150 euroko langabeziagatiko prestaziorako osagarria sortu da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta hilean 100 eurokoa, % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak honako hau esan du: "Neurri horrek EAEko Gizarte Elkarrizketarako Mahaian du jatorria; hark erabaki du, Urkullu Lehendakariak proposatuta, ABEEE egoeran egon eta kalteberak diren pertsonak babestea". Hori dela eta, "normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko fase horretan, enplegua sendotzeko neurriekin batera, soldata baxuenak dituzten langileen langabeziagatiko prestaziorako osagarri hori sortzearen aldeko apustua egin da, zati batean errenten murrizketa arintzeko eta, ahal den neurrian, beren beharrei erantzuteko besteko bizitza-mailari eusten lagundu ahal izateko".

Laguntza horiek pasa den ekainaren 18an adostu zituzten Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko Enplegu Taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Langile Batzordeak eta Langileen Batasun Orokorrak sindikatuek eta Confebaskek. Eta, haien bidez, diru-sarrera txikienak dituzten eta lan-erregulazio egoeran dauden langileen prestazioak osatu nahi dira, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana ABEEE berriak Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak