Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak tokiko eta estatuko turismoari emango dio lehentasuna uda honetan
Turismoa sustatzeko bi kanpaina bultzatuko ditu, Euskadi "seguru" baten barruan ibilbideak eta planak egiteko proposamenekin.
agencias | redacción
Eusko Jaurlaritzak tokiko eta estatuko turismoa lehenetsiko du alarma-egoeratik irten ondorengo lehen fase honetan, Euskadi "helmuga segurua eta konfiantzazkoa" dela helarazteko bi sustapen-kanpainarekin. Helburua "gertuko turismo hori berreskuratzea da, herrialdearen marka indartzeko", Sonia Perez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak adierazi bezala.
Sailburuak asteazken honetan aurkeztu ditu Bilbon bere sailak prestatu dituen bi sustapen-kanpainak. Ekimen horien barruan sartzen dira 120 plan eta ibilbide desberdin baino gehiago egitea proposatzen duen egitasmoa, eskaintza gastronomikoa, sustapen-programa, iragarkiak, eta "aste gutxiren buruan" kontsumoa sustatzeko kaleratuko dituzten bonoak.
Sonia Perez Ezquerra Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordearekin batera izan da tokiko turismoari eta beste autonomia-erkidego batzuetako bisitariei zuzendutako bi turismo-kanpaina horien aurkezpenean. Adierazi duenez, "badakigu uda honetan bidaiarien konfiantza lehenetsiko dela, eta horiek helmuga hurbilagoak aukeratuko dituztela. Horregatik, gure kanpainak ez dira nazioarteko publikoari zuzentzen oraingoan; epe laburrean tokiko eta nazioko turismoa lehenetsiko dugu, herrialdearen marka indartzeko".
Haren ikuspuntutik, "Euskadik posizio pribilegiatua du, eta horrek aukera ematen dio eskaintza turistiko askotarikoa eta aberatsa eskaintzeko, bai Espainiako beste zonalde batzuetako turistentzat, bai bertako biztanleentzat".
Euskal sektore turistikoaren egoerari dagokionez, Perez Ezquerrak esan du "laguntza behar duela alderdi askotan, ez bakarrik ekonomikoan".
Perez Ezquerrak azaldu duenez, bere sailak prozesu honetan guztian estrategia bat jarraitu du, bi zatitan banatua: “Lehenik, erresistentziarena, pandemia deklaratu zenean; eta, hemendik aurrera, indarberritzearena, hori baita tokatzen dena".
Sailburuak adierazi duenez, bere aurreikuspenen arabera, turista atzerritarrak zain egon beharko dira mugak ireki arte, "beraz, espero izatekoa da uda honetan bidaiariek hurbileneko helmugak aukeratzea".
Ildo horretan, Perez Ezquerrak gaineratu du, bere sailaren aurreikuspenen arabera, uztailaren 1arekin iritsiko dela atzerriko turismoa, eta, horretarako, dagoeneko lanean ari dira Europako gertuko merkatuetako bidaia antolatzaileekin, uztailetik aurrera "kanpoko lehen turistak jasotzeko".