Ekonomia -
Koronabirusa
LAB: "Langileen osasuna zaintzeko aukera paregabea galdu du Eusko Jaurlaritzak"
Sindikatuaren iritziz, "neurri orokor asko eta zehaztapen gutxi" jaso dituzte jarduera abiatzeko gidan. Halaber, Jaurlaritzak multinazional handiak "lehenesten" dituela ziurtatu du.
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuaren iritziz, "langileen osasuna zaintzeko asmoz salbuespenezko neurriak hartzeko aukera paregabea galdu du Eusko Jaurlaritzak". Izan ere, enpresetan kontrol gehiago jarri ordez "patronalaren eskutik jarraitzea" eta "osasunaren defentsa langileen esku uztea" erabaki du.
Prentsaurreko telematiko batean, Eulate Zillonizaurrekoetxea LABeko Industria Federazioko idazkariak salatu du Eusko Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko gidak "porrot" egin duela, multinazional handiak "lehenesten" dituelako funtsezko zerbitzuen eta osasunaren alde egin beharrean.
Bere esanetan, "neurri orokor asko eta zehaztapen gutxi" jasotzen dituzte gida horretan. Sindikatuak orain arte jarritako salaketei erantzunik ez ematea leporatu dio Jaurlaritzari.
Horren harira, "funtsezkoa ez den jarduerari berrekin aurretik dozena bat salaketa baino gehiago aurkeztu ziren, eta lau erantzun baino ez dira egon, eskuak garbitzeko". Hala, bide horrek ez duela "ezertarako" balio uste du LABek, eta, ondorioz, "langileek enpresetan duten borrokan" jarri behar da arreta, baina horrek ez du esan nahi "salaketa gehiago" jarriko ez dituztenik, Volkswagenen azpikontraten aurka aurkeztuko dutena bezala.
"Nola da posible hainbeste egunen ondoren funtsezko jarduerei buruz jarritako salaketak oraindik erantzun gabe egotea?", galdetu du sindikatuak. "Ez dugu non salatu, ezta langileen osasuna babestuko duen inor ere", gaineratu du.
Hori dela eta, jarduerari berrekiteko planen jarraipena egiteko "neurri zehatzak" har ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta argitu dezala koronabirusaren aurrean "behar adina neurri hartzen ari ez diren enpresekin zer gertatuko den".
Gainera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari gogorarazi dio "osasunari eta ekonomiari buruzko eztabaida aurretik" datorrela, eta "AHTn hainbeste diru eta osasunean hain gutxi inbertitzea orain agerian" dagoela.
LABen ustez, "jarduera suspertzeko eta oinarrizko zerbitzuetako langileen osasuna ez bermatzeko helburuak nabarmenago egiten du hori". Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako erabakiak ere kritikatu ditu, "patronalaren eskutik doazelako".