Ekonomia -
Koronabirusa
Beasaingo eta Irungo CAF lantegiek ekin diote berriro jarduerari
Aldi baterako gutxienez 100 langile kontratatzea adostu dute, eta enpresako goi-kargudunen soldata % 5 murriztea. Beharginen soldata, berriz, "osorik" mantenduko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Tren-sektorean lan egiten duen CAF euskal multinazionalak gaur, astelehena, berrekin dio jarduerari Beasainen eta Irunen (Gipuzkoa) dituen lantegietan, konpainiako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak akordioa lortu ostean, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.
Akordioak jasotakoaren arabera, Beasaingo 4. atalaren kasuan, jardueraren hasiera mailakatua izango da, langile gehien batzen dituzten tailerrak direlako, eta galdutako 16 ekoizpen egunetatik 13 berreskuratuko dituzte. Gainerako 3 egunak ordaindutako lizentzia gisa ordainduko dira kasu gehienetan eta aparteko orduen poltsetatik deskontatuko dira beste batzuetan.
Horrez gain, aldi baterako gutxienez 100 langile kontratatzea adostu dute, eta enpresako goi-kargudunen soldata % 5 murriztea. Beharginen soldata, berriz, "osorik" mantenduko dute.
Euskal konpainiako bi lantegi horietan 3.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean, eta 700 baino gehiago Beasaingo 4. atalaren kasuan. Zehazki, % 50 hilaren 20an hasiko dira lanean, % 25 asteazkenean (hilak 23) eta gainerako % 25a ostiralean (hilak 25).
Beasaingo eta Irungo gainerako ataletan, gaur bertan hasi da jarduera, baina sartzeko eta irteteko beste ordutegi bat dutela. Beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduko dira, eta enpresak "arrisku-faktore" gisa identifikatu dituen 100 langileri "neurri bereziak" ezarri zaizkie.
LABek gogora ekarri duenez, lantaldeak berak erabaki zuen martxoaren 16an jarduera etetea, CAFeko zuzendaritza "uzkur" agertu arren, eta horretan "Adegi eta Confebask patronalek zein Eusko Jaurlaritzak berak ere zerikusia izan dute", gaineratu du.
"Orain, koronabirusa erabat kontrolatuta dagoela bermatzeko jarduerarik gabe denbora gehiago beharko litzatekeela pentsatuta ere, Espainiako Gobernuak kapitalaren interesen aurrean amore eman du eta funtsezkoak ez diren jarduerei behar baino lehenago ekin die", adierazi du sindikatuak.