Ekonomia -
Koronabirusa
Osasun arloko langileen babes falta salatu du Satsek Lan Ikuskaritzaren aurrean
Erizainen sindikatuak "erabat onartezintzat" jo du dagoeneko osasun arloko 6.500 bat langile kutsatu izana, eta, horregatik, erizain guztiak lehenbailehen babesteko neurriak eskatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Satse erizainen sindikatuak ostegun honetan jakinarazi duenez, erizainen babes falta salatzen hasi da Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzen aurrean, koronabirusak osasun arloan eragindako krisiaren ondorioz erizain eta medikuek ez dutelako lan egiteko beharrezko materiala eskura.
Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gainera, material faltaren "arazo larri horri" ez bazaio "berehalako konponbidea" ematen, zigor penalak ezartzeko eskatu die Fiskaltza Probintzialei.
Testuinguru horretan, Satsek "erabat onartezintzat" jo du dagoeneko osasun arloko 6.500 bat langile kutsatu izana, eta, horregatik, osasun administrazioek indarrean dagoen araudia eta ezarritako protokoloak urratzen dituztela salatzea erabaki du lan ikuskaritzen aurrean. Sindikatuak nabarmendu duenez, erizainei ez dizkiete modu seguruan lan egiteko beharrezkoak diren norberarentzako babes materialak ematen.
Hala, lan egiteko orduan duten gabezia hori profesionalen osasun eskubidearen eta osotasun fisiko eta psikikoaren aurkako "atentatu larria" dela ohartarazi du Satsek, eta Txinan eta Italian baino osasun arloko langile gehiago kutsatu direla ziurtatu du. Erizainen sindikatuaren esanetan, "horrek agerian uzten du gure herrialdean pandemiak larri jotakoak gehiago direla eta beste leku batzuetan baino babes eta segurtasun gutxiago egon dela".
"Egoera hau erabat onartezina da, eta ardura eskatzeko unea aurrerago iritsiko da. Orain, koronabirusaren aurka lanean ari diren erizain guztiak lehenbailehen babestea eskatzen dugu", azpimarratu du Satsek.
Horrez gain, koronabirusarekin kutsatuta dauden ala ez jakiteko, sindikatuak idatzi-eredu bat landu du, testa egin nahi duten erizainek bete ditzaten eta dagozkien gerentziei aurkez diezaieten.