Ekonomia -
soldata-arrakala
Emakumeek gizonek baino % 24 gutxiago kobratzen dute EAEn
7.552 euroko aldea dago, batez beste. Arrakala handiagoa da zerbitzu eta industria sektoreetan, prestakuntza txikiko lanbideetan eta aldi baterako kontratuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Urteko batez besteko soldatari erreparatuz gero, emakumeek gizonek baino % 24 gutxiago kobratzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Hain justu, soldata-arrakalari aurre egiteko jardunaldia egin du gaur Justizia Sailak Donostian, "Generoagatiko soldata-diskriminazioaren gaineko kontrol publikoa" lelopean.
Sailak ohar batean nabarmendu duenez, 7.552 euroko aldea dago. Arrakala handiagoa da zerbitzu eta industria sektoreetan, prestakuntza txikiko lanbideetan eta aldi baterako kontratuetan.
Eusko Jaurlaritzak generoagatiko soldata-diskriminazioa salatzeko kanpaina jarri du martxan. Salaketak Lan Ikuskaritzaren aurrean edota iruzurraren postontziak aurkeztu ahalko dira.
Horrez gain, legegintzaldi honetan lurralde bakoitzeko Lan Ikuskaritzetan unitate bereziak sortu dituzte, berdintasunean trebatutako ikuskatzaileekin.
Donostiako Miramar jauregian egingo duten jardunaldian, 100 bat adituk parte hartuko dute, besteak beste, Elisa Sierra Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak edota Tulio Rodriguez-Madridejos Lan-arloko magistratuak. Italian, Frantzian eta Portugalen horri aurre egiteko abiatutako politikak azalduko dituzte adituok.