Ekonomia -

Greba Bizkaiko metalgintzan

Manifestazio jendetsu batek bost eguneko grebari amaiera eman dio Bilbon

Mobilizazioa "arrakastatsua" izan dela uste dute sindikatuek. Langileen % 85ek greba egin dute, sindikatuen arabera. Greba deialdi gehiago egitea ez dute baztertu.

Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: ELA
Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: ELA
Akordiorik lortu ezean, greba gehiago Bizkaiko metalgintzan

1:39

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetarako deitutako bosgarren greba eguna izan da Bizkaiko Metalgintzan. "Aurreko deialdietan bezala, jarraipena oso handia izan da eta berriz ere milaka eta milaka langilek Bilboko kaleak bete dituzte", ELAk ohar batean azaldu duenez. Sindikatuen esanetan, %85ko jarraipena izan du grebak bost egunotan.

Gaur goizean, hainbat pneumatiko eta bi edukiontzi erre dituzte Bizkaian. Gainera, errepideetan etenak eragin dituzte hainbat tokitan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 06:00ak aldera pneumatikoak erre dituzte BI-623 errepidean Izurtzan, BI-3447 errepidean Gizaburuagan eta BI-3336 errepidean Abadiñon.

Elorrion, gainera, bi edukiontzi erre dituzte: bat Besaide industrialdean eta bestea Errebonbillo kalean. Suhiltzaileek itzali dituzte garrak.

Bizkaiko metalaren sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT) manifestazioa deitu dute gaurko Bilbon. Hori dela eta, metalgintzako langileek Bizkaiko hiriburuko kale nagusiak zeharkatuko dituzte eguerdian, lan-baldintza hobeak eskatzeko.

Manifestazioa Bilboko Euskalduna zubian. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Manifestazioa Bilboko Euskalduna zubian. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Zehazki, 11:30ean, Bilboko bi puntu ezberdinetatik abiatu dira manifestarien bi zutabe: lehenengoa, San Mamesetik abiatu da, eta, bigarrena, IMQ Zorrotzaurre klinikaren eraikinaren inguruetan hasi da.

UGT: "Berriz mobilizatu behar bagara egingo dugu"

Grebaren azken egun honetan Bizkaiko hiriburuko kale nagusiak zeharkatu ondoren, metaleko langileen bi zutabeak Jesusen Bihotzean elkartu dira, eta Areatzara joan dira.

Mitxel Lakuntza, Loli Garcia eta Garbiñe Aranburu ELA, CCOO eta LABeko idazkari nagusiek, hurrenez hurren, eta Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos) eta Oskar Matutek (EH Bildu), besteak beste, mobilizazioan parte hartu dute.

Manifestazioan, ezezagunek zenbait edukiontziri su eman diete Urkixo zumarkalean.

Mobilizazioa "arrakastatsua" izan dela uste dute sindikatuek. Langileen % 85ek greba egin dute, sindikatuen arabera. Greba deialdi gehiago egitea ez dute baztertu, baina patronalarekin negoziatzeko prest agertu dira.

"Gure helburuak mobilizazioaren eta greben bidez lortuko ditugula uste dugu: Bizkaiko sektore hitzarmen bat, lan baldintza duinak bermatzeko; ondorioz, borrokak aurrera jarraitu egin behar du", azaldu du Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak.

Jose Maria Rojo UGTko ordezkariaren ahotan, patronalak grebaren "arrakasta" aintzat hartu beharko luke, eta negoziazio mahaian "proposamen serioak" aurkeztu. “Negoziatzen jarraitzeko gure prestutasuna agertzen dugu”, erantsi du.

Hala ere, "berriz mobilizatu behar bagara egingo dugu", ohartarazi du sindikatuko ordezkariak. Eman beharreko hurrengo pausoak aztertu behar dituztela adierazi du, baina greba deialdi gehiago baztertu barik.

ELA: "Jadanik batek ezin du bereizi, hitz egiten duena patronalaren bozeramailea edo lehendakaria bera ote den"

Bestalde, "patronalaren bozeramailea" izatea leporatu dio Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariari. "Oso larria da", gaineratu du sindikatu abertzaleko ordezkariak.

Bizkaiko metalgintza sektorearen gatazkan, lehendakariaren jarrera hizpide izan du Lakuntzak Radio Vitorian.

"Jadanik batek ezin du bereizi, hitz egiten duena patronalaren bozeramailea edo lehendakaria bera ote den", kritikatu duenez. Lakuntzaren ahotan, Urkulluren adierazpenak "onartezinak eta zentzugabeak" dira.

ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "sentsibilitate falta eta urruntasun izugarria" agerian utzi dute, "harrokeriaz" gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilbo Basauri Santurtzi Sestao Bizkaia Barakaldo Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Lan gatazkak Metalgintza albisteak