Ekonomia -
LANGABEZIA
11.500 langabe gutxiago zenbatu dituzte bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian
EAEn 10.300 pertsona gutxiago daude lan bila, eta 1.200 gutxiago Nafarroan, 2018ko apirila eta ekaina bitarteko datuekin alderatuta.
AGENTZIAK
Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek 11.500 langabe gutxiago zenbatu dituzte urteko bigarren hiruhilekoan, 2018ko datuekin alderatuta, Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi dituen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren azken datuen arabera. Guztira, 113.400 langabe zeuden Hego Euskal Herrian apiriletik ekainera bitartean.
Urtebetean, hau da 2018ko apiriletik ekainera bitartean, 10.300 pertsona gutxiago (% 10,34) izan dira lan bila Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Guztira, 89.300 langabe zeuden EAEn. Langabeen artean 51.700 gizonezkoak ziren.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoak (% 7,13) izan du EAEko zein Espainiako erkidegoetako langabe kopururik txikiena. Araban, berriz, langabezia tasa % 8,04koa izan da eta % 9,74koa Bizkaian.
Langabeziaren eta okupazioaren eboluzioaren ondorioz, jarduera tasa % 58,35ean kokatu da Araban; % 56,26an, Gipuzkoan; eta, % 56,07an, Bizkaian.
Nafarroari dagokionez, 1.200 langabe gutxiago (-% 4,84) daude, eta 24.100 pertsona daude lanik gabe. Azken urtebetean, langabeziak % 23,08 egin du behera (7.200 langabe gutxiago).
Espainiako datuei erreparatuta, 123.600 langabe gutxiago izan dira bigarren hiruhilekoan, 2018ko datuekin alderatuta. Hala ere, 2009tik ekainean izandako beherakadarik txikiena da. Guztira, 3.230.600 langabe zenbatu zituzten Espainian, 2008tik izandako zifrarik txikiena. Estatuko langabezia tasa % 14,02koa da.
Eusko Jaurlaritzak enpleguaren joera "ona" azpimarratu du
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politikako sailburuak bigarren hiruhileakoaren langabezia datuen balorazioa egin du. Haren esanetan, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren azken datuek EAEn enpleguak duen "joera ona berresten dutela" azpimarratu du.
"Kalitatezko enplegu gehiago izatean kohesio handiagoa lortzen dugu. Horretarako beharrezkoa da heziketa gehiago eta trebakuntza iraunkorra mantentzea", esan du sailburuak.
Haren ustez, EAEko enpleguaren hazkunde abiadura "etengabea da, baina hobetzeko tartea ere badu".