Ekonomia -
2019ko apirileko datuak
3.420 langabe gutxiago zeuden apirilean Hego Euskal Herrian
115.644 langabe zenbatu dituzte EAEn, eta 32.581, Nafarroan, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan zerbitzu publikoen bulegoetan jasotako datuen arabera, langabezia jaitsi egin da apirilean. Hain zuzen ere, martxoan baino 2.308 langabe gutxiago zenbatu dituzte; hots, % 1,96ko jaitsiera izan du. Guztira, 115.644 langabe daude EAEn, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez.
2018ko apirileko datuekin alderatuta, 9.260 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Horrek esan nahi du urtetik urterako tasa % 7,41 jaitsi dela.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, martxoan baino 1.006 langabe gutxiago (% 0,49) daude Bizkaian. Guztira, 66.289 langabe daude Bizkaian.
Gipuzkoan, berriz, 976 langabe gutxiago zenbatu dituzte (-% 3,13). Horrenbestez, 30.242 langabe daude.
Araban, 326 pertsona gutxiago daude lanik gabe (-% 1,68). Beraz, 19.113 lagun daude lanik gabe.
Sektoreka, zerbitzuek (1.936 langabe gutxiago) izan dute beherakada handiena. Industrian ere behera egin du langabeen kopuruak, 223 gutxiago zenbatu baitituzte.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikoetako sailburuak nabarmendu duenez, "2009ko urtarriletik EAEk ez zuen langabe kopuru txikiagorik izan; hortaz, azken hamarkadako daturik onenaren aurrean gaude".
"Gehienbat gazteentzat, emakumeentzat eta luzaroko langabeentzat izan da hilabete ona. Aste Santuak eragina izan du apirileko emaitzetan, saltokietan eta ostalaritzan enplegu gehiago sortu baitira; industrian eta zerbitzuetan ere igoera izan dugu", azpimarratu du Artolazabalek.
2018ko apirilekoa baino bilakaera hobeagoa izan dela adierazi du sailburuak. 2015eko hilabete batek bakarrik izan zuen egungoa baino beherakada handiago bat.
1.112 langabe gutxiago, apirilean, Nafarroan
Guztira, 1.112 langabe gutxiago zeuden Nafarroan apirilean, orotara 32.581 zenbatu baitituzte. Hortaz, urtetik urterako tasa % 5,61 jaitsi da (1.938 langabe gutxiago).
Langabeziak behera egin du sektore guztietan, eraikuntzan izan ezik, 37 langabe gehiago zenbatu baitzituzten apirilean.
Zerbitzuetan jaso dute beherakarik handiena, 662 langabe gutxiago baitzeuden iragan hilabetean; industrian, 275 gutxiago; eta, nekazaritzan, 162.