Ekonomia -
Pentsiodunak
Gaurgeroa plataformak EAEko eta Nafarroako pentsiodunak batu ditu
"Eskumen osoak izango dituen pentsioen sistema publikoa" aldarrikatu du Gaurgeroak Euskal Herriarentzat; dela nafarrentzat, dela EAEko pentsiodunentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako pentsiodunen elkarteek batzarra egin dute astearte honetan Gaurgeroa plataforma aurkezteko. Bertan adierazi dute aurrerantzean "modu koordinatuan" egingo dutela lan.
Gainera, Gasteizen egindako bileraren ostean iragarri dute plataforma berriak hogeita lau ordezkari izango dituela. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako elkarteetako ordezkariekin osatuko dute. Bozeramailetza, berriz, Arabako Pentsionistak Lanean, Pentsionistak Martxan, Duintasuna eta Nafarroako Pentsionistak elkarteetako lau kideren esku geratuko da.
Batzarra bukatu denean manifestua irakurri dute, ohiko aldarrikapenak ahaztu gabe: kontsumoko prezioen indizea kontuan izanda pentsioak automatikoki igotzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata eta 2011ko eta 2013ko erreformak indargabetzea, baita azken lan erreformak ere.
Eskaera horiekin batera, "eskumen osoak izango dituen pentsioen sistema publikoa" eskatu du Gaurgeroak Euskal Herriarentzat; dela nafarrentzat, dela EAEko pentsiodunentzat. Pentsiodunen eskubideen berme gisa egin dute aldarrikapen hori.
Bestalde, Gaurgeroaren iritzian, Estatutu berriari buruzko eztabaidan "pentsio publiko duin baten" aldeko existentzia gehitu beharko lukete.
Bukatzeko, bozeramaileek nabarmendu dute mugimendu feministarekin elkarlanean jarraituko dutela, eta pozik agertu dira emakume pentsiodunen Oneka plataforma jaio delako.