Ekonomia -
Langabezia
2.644 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, abuztuan
Guztira, 156.270 langabe daude. Uztaileko datuekin alderatuta, 2.549 pertsona gehiago daude langabezian EAEn, eta 95 gehiago, Nafarroan.
Agentziak | Erredakzioa
Hegoaldeko enplegu zerbitzu publikoan, 2.644 langabe gehiago zenbatu dituzte abuztuan, guztira 156.270 langabe zenbatu baitituzte, Enplegu Ministerioak astearte honetan ezagutzera eman dituen datuen arabera.
Uztaileko datuekin alderatuta, 2.549 langabe gehiago daude orain Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko hilean baino % 2,11 gehiago; guztira, 123.606 pertsona daude langabezian.
2017ko abuztuko datuekin alderatuta, 9.604 langabe gutxiago daude EAEn; beraz, urte arteko jaitsiera % 7,21ekoa izan da, Espainiako batezbestekoa (% 5,92) baino handiagoa.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban izan da igoera handiena, 465 langabe gehiago baitaude orain, uztailean baino % 2,38 gehiago; guztira, 20.041 langabe zenbatu dituzte abuztuan. Gipuzkoan, 663 pertsona gehiago daude langabezian, eta % 2,10 hazi da; izan ere, 32.189 langabe zenbatu dituzte.
Bizkaian, 1.421 pertsona gehiago daude Lanbiden izena emanda, eta 71.376 langabe daude orain (uztailean baino % 2,03 gehiago).
2017ko abuztuko datuekin alderatuz gero, Gipuzkoan % 8,35 jaitsi da langabezia (guztira, 2.931 langabe gutxiago daude); Araban, % 7,71ko jaitsiera izan da (1.675 langabe gutxiago), eta Bizkaian, % 6,54koa (4.998 langabe gutxiago).
Nafarroan, uztailean baino 95 pertsona gehiago zenbatu dituzte langabezian abuztuan, % 0,29 gehiago; guztira, 32.664 langabe daude orain.
Datuak 2017ko hilabete bereko datuekin alderatuz gero, 3.287 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian Nafarroan, eta urte arteko jaitsiera % 9,14koa da, Espainiako Estatuan baino handiagoa (% 5,92).
Bestalde, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, lan-merkatua "krisiaren aurreko portaera-patroia erakusten ari da berriro", eta abuztuan langabeziak gora egitea "normala" dela gaineratu du.
"Krisiaren aurretik, igoera handiagoak izaten ziren abuztuan", sailburuaren hitzetan, "oporrak direla-eta geldialdiak egiten direlako". Halaber, Lanbiden izena eman duten pertsona askok lana badutela baina beste bat bilatzen ari direla azaldu du, eta "prestakuntza etengabea beharrezkoa da horretarako", erantsi du.
Sindikatuek prekarietatea kritikatu dute
ELA, LAB, UGT eta LSB-USO sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, esan dutenez, abuztuko langabezia datua "datu txarra" da, eta politikak aldatzearen alde agertu dira, prekarietateari aurre egiteko.
Mikel Noval ELA sindikatu nagusiaren ikerketa zuzendariaren esanetan, arazoa egituran dago, alegia, "langileriaren txirotzea da, bikain gaudela esaten duen propagandaz harago".
LABen esanetan, "enpleguaren ahultasuna eta egungo sistemak sortzen duen babesgabetasuna agerian geratu dira langabeziaren abuztuko datuekin".
Horren ildotik, Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko idazkari nagusiaren iritzian, beharrezkoa da prekarietatearen "joera haustea".
Maribel Muñoz LSB-USO Euskadiko idazkari nagusiak penagarritzat jo du "enplegua suntsitu ez ezik, kalitate txarrekoa ere izatea".