Ekonomia -
ESPAINIAKO MINISTERIOA
1.087 langabe gehiago zenbatu dituzte uztailean Hego Euskal Herrian
Guztira, 153.626 lagun daude lanik gabe. Ekaineko datuekin alderatuta, 572 pertsona gehiago daude lan bila EAEn, eta 515 gehiago, Nafarroan.
AGENTZIAK
Uztailean ekainean baino 1.087 langabe gehiago zeuden izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak ostegun honetan emandako datuen arabera. Guztira, 153.626 langabe zenbatu dituzte uztailean.
Ekaineko datuekin alderatuta, 572 pertsona gehiago (% 0,47) daude lan bila Euskal Autonomia Erkidegoan; guztira, 121.057 langabe daude. Dena den, urtebetean 9.815 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian (% 7,50 gutxiago).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 111 langabe gutxiago izan dira uztailean, aurreko hilabetean baino % 0,56 gutxiago, eta 19.576 pertsona ari dira lan bila bertan. Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, gora egin du langabeziak: % 0,75 (518 pertsona) eta % 0,53 (165 pertsona), hurrenez hurren. Langabeen kopuruari dagokionez, 69.955 daude Bizkaian eta 31.526 Gipuzkoan. 2017ko uztaileko datuekin alderatuta, berriz, hiru lurraldeetan behera egin du langabeziak: Gipuzkoan, % 7,66 (2.617 langabe gutxiago); Araban, % 7,64 (1.619 pertsona gutxiago) eta Bizkaian, % 7,39 (5.579 pertsona gutxiago).
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuaren esanetan, uztailean langabeziak gora egin izana zerbait "koiunturala da, puntuala". Are gehiago, krisiaren aurretik uztailean gertatu ohi zen zerbait dela nabarmendu du. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, "legegintzaldia hasi zenetik langabezia tasaren beherakada konstantea izaten ari da; bi puntu egin du behera langabezia tasak eta % 10etik jaisteko zorian gaude". Amaitzeko, uztaileko datuekin baino joerarekin gelditzeko eskatu du.
Nafarroako datuei dagokienez, 515 langabe gehiago (% 1,61) zenbatu dituzte uztailean, eta 32.569 pertsona daude lanik gabe. Halere, Espainiako Gobernuak jakinarazitako datuen arabera, urtebetean 3.564 pertsona gutxiago daude langabezian (% 9,96 gutxiago).
Miguel Laparra Nafarroako lehendakariordeak prentsaurrekoan esandakoaren arabera, enplegu alorrean "ona izaten ari den urtean, uztaila hilabete txarra izan da". Horren hitzetan, langabeziak gehiago egin du gora Nafarroako gune industrialdetan, uztailean, oro har, jarduerak behera egiten duelako; Tuteran, Tafallan edota Agoitzen, berriz, gutxiago. Laparraren ustez, uztaila antiziklikoa izan ohi da Nafarroan; hots, krisi garaietan langabeziak behera egiten du, eta ekitaldi ekonomiko onetan, gora.
Estatuko datuei dagokienez, ekainean baino 27.141 langabe gutxiago (% 0,86 gutxiago) izan dira uztailean. Guztira, 3.135.021 langabe zenbatu dituzte Espainian uztailean, 2008ko abendutik izandako kopururik txikiena.