Athletic club
Errege Kopako finalerdia
EITB MEDIA
Ernesto Valverderen taldeak gol bateko aldea du finalerdietako itzuliko partidari begira, joaneko neurketan 0-1 irabazi baitzuen. Aurreikuspena da giro ikusgarria izatea futbol zelaian eta Bilbo osoan. EITBk zuzenean emango du norgehiagoka, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.
Julen Agirrezabala bikain ibili zen joaneko partidan. Argazkia: EFE.
Athleticek 2023-24 Errege Kopako finalerako sailkatzea lortu nahi du ostegunean, San Mamesen, 21:30etik aurrera, Atletico Madril aurkari, finalerdietako itzuliko partidan. Talde zuri-gorriak helburu hori gauzatuz gero, azken bost denboraldietan hirugarrenez eskuratuko luke finalerako txartela, seigarren aldiz azken hamasei denboraldiak kontuan izanik. Ernesto Valverderen gizonek gol bateko aldea dute finalerdietako itzuliko partida honi begira, Madrilen jokatutako joaneko neurketan 0-1 irabazi baitzuten. Yuri Berchiche, ia ziur, Athleticen, eta Antoine Griezmann, baieztatuta, Atletico Madrilen, ezingo dira zelairatu, lesioak tarteko, eta aurreikuspena da giro ikusgarria izatea San Mamesen eta Bilbo osoan. EITBk zuzenean emango du norgehiagoka, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, eta, halaber, aurreko saio bat ere emango du, 20:55etik, eta partida osteko beste saio berezi bat, norgehiagoka bukatuta.
Testuinguru horretan, talde zuri-gorriak finalerako sailkatzea erdiestea du helburu; aurreko bi denboraldietan ezin izan zuen hori lortu, finalaurrekoetan Valentziak (2021-22an) eta Osasunak (2022-23an) txapelketatik at utzi baitzuten Athletic. 2009an, 24 urte hori lortu gabe eman ondoren, Bilboko taldeak Kopako finala jokatu ahal izan zuen, eta ordutik beste lau aldiz izan da finalean (2012an, 2015ean, 2020an, 2021ean jokatutako finalean, eta 2021ean). Bizkaiko klubak ezin izan du final horietako bat ere irabazi, eta orain, Atletico Madril kanporatzekotan, Mallorca izango luke aurkari; azken talde hori finalean da jada, asteartean Reala penalti jaurtiketetan mendean hartuta.
Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak ezingo du, ezustekorik egon ezean, Yuri Berchiche zelairatu, ezta Ander Herrera ere; bi jokalari horiek minduta daude. Oso ziurrenik, Julen Agirrezabala izango da atepean; Errenteriako atezaina Kopako norgehiagoka guztietan izan da titular, eta bikain aritu da, gainera. Pentsatzeko modukoa da Iñigo Lekue ere izatea hasierako hamaikakoan, atzealdeko hegalen batean. Zelai erdian, baliteke Iñigo Ruiz de Galarreta eta Beñat Prados irtetea hasieratik; Mikel Vesga ere egon liteke eibartarrarekin batera, euskarri lanetan. Erasoan, aurreikuspena da Valverdek Oihan Sancet, Iñaki eta Nico Williams eta Gorka Guruzeta zelairatzea, alegia, hasierako hamaikakoetan ateratzen den ohiko laukotea, baina ez litzateke harrigarria izango Alex Berenguerrek ere izatea titular gisa irteteko aukera; izan ere, barañaindarra sasoi puntu onean dabil. Yeray ere zalantza da; Valverdek talde osoa sartu du, deialdian.
Atletico Madrilen aldetik, oso nabarmentzekoa da Antoine Griezmann ez dela izango; aurrelari frantziarra Diego Simeonek entrenatzen duen taldeko jokalaririk arriskutsuena da. Angel Correak ordezkatuko du hasierako hamaikakoan; Correak, azken hiru partida ofizialetan, hiru gol sartu ditu. Alvaro Morata ere irten liteke titular, eta Memphis Depayk, ziur aski, aulkian ekingo dio norgehiagokari. Marcos Llorente ere egon liteke aurrealdean, baina aukera handiagoa dago hori eskuin hegalean izateko. Jose Maria Gimenez, Thomas Lemar eta Cesar Azpilicueta, hirurak lesionatuta, baja dira.
Ostegunean San Mamesen denboraldian hirugarren aldiz arituko dira nor baino nor gehiago Athletic eta Atletico Madril. Aurreneko biak Atletico Madrilek irabazi ditu, 2-0 EA Sports Ligan, Bilbon, abenduan, eta 0-1 joaneko norgehiagokan, duela hiru aste. Valverderen gizonek bederatzi garaipen jarraian daramatzate etxeko talde gisa, Ligako eta Kopako partidak zenbatuta, baina Atletico Madrilek emaitza onak lortu izan ditu San Mamesen Simeonek entrenatzen duenetik: hamahiru norgehiagokatan, sei aldiz irabazi du.
Athletic-Atletico Madril, Kopako finalaurrekoetako itzuliko partida (San Mames, ostegunean, 21:30ean)
Hauek izan litezke hasierako hamaikakoak:
Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue; Ruiz de Galarreta, Prados ala Vesga; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Atletico Madril: Oblak; Llorente, Savic, Witsel, Hermoso, Lino; De Paul, Koke, Barrios; Correa eta Morata.
Epailea: Juan Martinez Munuera (Valentziako Batzordea); VAR epailea: Eduardo Prieto Iglesias (Nafarroako Batzordea).
Hurrengo zuzenekoak
08 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
24 | 12:00 - 14:00 | HERRI KIROLAK | Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa |
24 | 12:00 - 13:45 | ATLETISMOA | Alcobendaseko Krosa |
24 | 16:10 - 16:50 | PILOTA | Lau t'erdiko finalaren atariko saioa |
24 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko finala: Laso vs Etxeberria |
25 | 23:30 - 00:30 | AREA TXIKIA | Athletic Club vs Reala partidako laburpena |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa