23:29

Athletic club

Errege Kopa

Athleticek Metropolitanon irabazi du, 0-1, eta abantaila hartu du Atletico Madrilen aurkako finalerdian

EITB MEDIA

Alex Berenguerrek sartu du, penaltiz, 25.minutuan, Bilboko taldeari garaipena eman dion gola. Athleticek partida oso sendoa jokatu du, eta emaitza ona lortu; San Mamesen berretsi beharko du hori, baina.

  • Athleticeko jokalariak, Berenguerren golaren ostean. Argazkia: EFE.

    Athleticeko jokalariak, Berenguerren golaren ostean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek irabazi egin du Atletico Madril aurkari, 0-1, Civitas Metropolitano futbol zelaian 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. Alex Berenguerrek sartu du, penaltiz, 25. minutuan, finalaurrekoko lehen neurketan Bilboko taldeari garaipena eman dion gola. Kanporaketa San Mamesen erabakiko da, joaneko partidan, hilaren 29an.

Ernesto Valverdek zuzendutako taldeak joko ona erakutsi du, oso sendoa, eta emaitza ederra ekarriko du Euskal Herrira. Hori bai, Athleticek berretsi beharko du abantaila hori, bere etxean. Bizkaiko taldeak erasoko jokaldietako bat baliatu du aurretik jartzeko, eta atzealdean bikain ibili da. Atletico Madrilek lan handia egin du berdinketaren bila, baina Julen Agirrezabalak eta atzealdeko jokalariek lortu dute, azken finean, Madrilgo taldeak golik ez egitea. Atletico Madrilek aurreneko aldiz denboraldi honetan galdu du etxeko talde gisa, horrela.

Joaneko partida honetan, Ernesto Valverdek Dani Vivian eta Paredes kokatu ditu, hasierako hamaikakoan, Julen Aguirrezabalaren aurretik, Iñigo Lekue atzealdeko eskuin hegalean, Prados eta Ruiz de Galarreta zelai erdian, eta Alex Berenguer erasoko ezkerraldean, gehienetan Nico Williamsek betetzen duen lekuan. Azken jokalari hori, azkenean, ez da deialdian sartu.

Atletico Madril oso bizi zelairatu da, eta norgehiagokaren hasieran etxekoek estutu egin dute Athletic. Baina euskal taldeak berehala lortu du egoera gainditzea, eta segituan hasi da aurre egiten. Vivianek egin du Athleticen aurreneko errematea, area ertzetik, desbideratuta joan zaion eskuinkada batean, seigarren minutuan.

Jokoa parekatuta zegoen eta biak ala biak zebiltzan sendo. Testuinguru horretan, 21. minutuan, Gorka Guruzetak pase polita eman dio, sakonean, Beñat Pradosi; iruindar gaztea arean sartu da, eta Reinildo baloia lapurtzen ahalegindu da, baina falta argia egin dio. Hernandez Hernandez epaileak ez du zalantzarik egin, eta penaltia adierazi du; Alex Berenguerrek oso ondo jaurti du, 0-1ekoa sartuta.

37. minutuan, Aitor Paredesek ondo konpondu du Julen Aguirrezabalak izandako huts egite bat; errenteriarra, jokaldi hori kenduta, sendo aritu da lehen zatiko gainerako erdiraketetan eta erremateetan. Atletico Madril berdinketaren bila ibili da azken tartean, eta Antoine Griezmannek arriskua sortu du, baina Bizkaiko taldea aurretik zen markagailuan atsedenaldian, lan ona burututa.

Atsedenaldiaren ostean, 52. minutuan, Linok ezkerrez jaurti du, gutxigatik kanpora. Unai Gomezek eta Asier Villalibrek Sancet eta Guruzeta ordezkatu dituzte, Madrilgo taldea 1-1koaren bila zebilela. Ander Herrerak Pradosen lekua hartu du, handik gutxira. 

62. minutuan, Athleticek abagune ona sortu du, 0-2koa sartzeko modukoa. Unai Gomezek ondo jaurti du ezkerrez, eta Oblakek urrundu, baina baloia Villalibreri gelditu zaio, atetik gertu; gernikar aurrelariak, baina, ez du errematea nahi bezala zuzentzerik izan, eta baloia kanpora irten da.

Samu Linok neurketa ona egin du, Atletico Madrilen, eta arazoak sortu dizkie Athleticeko atzelariei; 69. minutuan, kanpora jaurti du, eta, ia jarraian, Bizkaiko taldea ondo irten da kontraerasoan. Kornerra izan da, azkenean. 77.ean, Giezmannek area barrutik jaurti du, eta Agirrezabalak erantzun oso ona eman dio.

Azken minutuan tentsio handia izan da, urduritasun handia athleticzaleentzat. Iñigo Lekue oso ondo aritu da, baloia barrura zihoan jokaldi batean. Athletic atzean sartuta zegoela, luzapenean, Alvaro Morata Yerayrekin izan da lehian, eta erdiko atzelari barakaldarrak area barruan falta egin dio etxeko taldeko aurrelariari; Hernandez Hernandezek penaltia adierazi du, baina VARetik ohartarazi diote epaileari Morata jokoz kanpo zegoela, jokaldiaren hasieran, eta baloia Athleticentzat izan da. Zuri-gorriek amaierara arte eutsi diote 0-1eko markagailuari.

Beraz, Athleticek emaitza ona eskuratu du aurreneko partida honetan, baina beste neurketa oso zail bat dute zuri-gorriek aurretik oraindik; bertan erabakiko da zein taldek egingo duen aurrera. Hori bai, kanporaketa Bilbon jokatuko dute, San Mamesen, eta Athleticeko zaleak ere izango dira tartean, harmailetatik jokalariei bultzada ematen.

Fitxa teknikoa

0 - Atletico Madril: Oblak; Nahuel Molina (Llorente 57. min), Savic, Witsel, Reinildo (Hermoso 46. min), Lino (Riquelme 83. min); Barrios (Correa 72. min), Koke, De Paul; Griezmann eta Memphis (Morata 57. min) .

1 - Athletic: Agirrezabala; Lekue, Dani Vivian, Paredes, Yuri Berchiche; Beñat Prados (Ander Herrera 60. min) , Ruiz de Galarreta; Iñaki Williams (Yeray 84. min), Sancet (Unai Gomez 53. min), Berenguer (Vesga 84. min); Guruzeta (Villalibre 53. min).

Gol:a 0-1: 25. min, Berenguer, penaltiz.

Epailea: Hernandez Hernandez (Las Palmaseko Batzordea). Reinildo, De Paul, Prados, Vivian, Unai Gomez, Ruiz de Galarreta eta Simeone eta Valverde entrenatzaileak zigortu ditu, txartel horia ateraz.

Gertakizunak: Errege Kopako finalerdietako joaneko partida, Civitas Metropolitanon. 65.029 zale izan dira bertan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    24 Zuzenean 22:15 - 00:30 ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena