EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

05:00

EAE-ko Hauteskundeak 2020

A21

Gaur amaituko da bizitasuna hartzen joan den hauteskunde-kanpaina

Eriz Lotina | EITB Media

Euskadiko zazpi indar politiko nagusietatik bostek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar) Bilbon itxiko dute kanpaina, eta beste biek (PP eta Vox) Gasteizen.

  • EAEko indar politiko nagusietako ekitaldiak, kanpainaren hasieran. Argazkia: EFE/eitb.eus

    EAEko indar politiko nagusietako ekitaldiak, kanpainaren hasieran. Argazkia: EFE/eitb.eus

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaur bukatuko da hauteskunde-kanpaina Euskadin. Lehendabiziko astea oso lasaia izan zen, eta kanpaina ia oharkabean igaro zen bere lehen astean, batez ere Bizkaian, Athleticek Errege Kopan lortutako garaipenak eta ondorengo ospakizunek zokoratuta.

Hala ere, botoa erakartzeko borroka nabarmen berotu da kanpainaren bigarren astean. Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari egindako erasoak, itxuraz motibazio politikorik gabekoak, ETB2ko zerrendaburu guztien arteko eztabaidak eta Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak ETAren indarkeriari buruz esandakoak piztutako polemikak kanpainaren amaiera markatu dute.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko indar politikoek azken aukera dute gaur herritarren botoa eskatzeko, larunbatean hausnarketa-egunari eta igandean emaitza argirik erakusten ez duten hauteskundeei bidea emateko. EAEko zazpi indar politiko nagusietatik bostek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar) Bilbon itxiko dute kanpaina, eta beste biek (PP eta Vox) Gasteizen.

EAJk Bilboko Areatzan emango dio amaiera kanpainari, 19:00etan, eta bertan izango dira Imanol Pradales lehendakarigaia, Andoni Ortuzar alderdi jeltzaleko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

EH Bilduk Bilbon ere bukatuko du kanpaina, Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian, 19:45ean. Pello Otxandiano lehendakarigaia, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta Conor Murphy Ipar Irlandako Finantza ministroa arituko dira bertan.

PSE-EEk ere Bizkaiko hiriburua aukeratu du kanpaina ixteko. Eneko Andueza hautagai sozialistak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen babesa izango du 18:30ean hasiko den ekitaldian.

Elkarrekin Podemosek ere Bilbon emango dio amaiera kanpainari, Euskalduna Jauregian. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia, Laura Garrido koordinatzaile nagusia eta Miren Gorrotxategi lehendakarigaia izango dira ekitaldi horretan.

PPk, ordea, Gasteiz aukeratu du kanpainari amaiera emateko, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea eta Javier de Andres lehendakarigaia bertan direla. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.

Sumarrek ere 19:00etan itxiko du kanpaina, baina Bizkaiko hiriburuan, Atxurin. Ernesto Urtasun Kultura ministroa eta Alba Garcia lehendakarigaia ekitaldian izango dira.

Azkenik, Vox eskuin muturreko alderdiak Gasteizko Foruen Plazan esango dio agur kanpainari. Voxen mitina hasten azkena izango da. Santiago Abascal Voxeko presidenteak kanpaina ixteko ekitaldian parte hartuko du, Amaia Martinez zerrendaburuarekin batera, 20:00etan hasita.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena