EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

17:29

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Hauteskunde-kanpaina

"Osasun publikoa murrizketarik gabe bermatzeko" konpromisoa hartu du EAJk

Agentziak | Erredakzioa

EH Bilduk ustelkeriaz hitz egin du; Elkarrekin Podemos-IUk, "faxismoa geldiarazteaz"; PP+Cs koalizioak, botoa biltzeaz; PSE-EEk, parte-hartzeaz; eta Equo Berdeakek nazioarteko babesa jaso du.

  • EAJk Errenterian egin du ekitaldia, eguerdian

    EAJk Errenterian egin du ekitaldia, eguerdian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hauteskunde autonomikoetarako kanpainaren azken-aurreko egunean, euskal alderdiek boto-emaileak konbentzitzen saiatzen, eta, halaber, hautesleei euren proposamenen berri ematen jarraitu dute. Hala, EAJk konpromisoa hartu du "osasun publikoa murrizketarik gabe bermatzeko"; EH Bilduk "ustelkeriaren aurkako berme" gisa aurkeztu du bere burua; Elkarrekin Podemos-IUk Arabako boto berdea jasotzea eskatu du, "faxismoa geldiarazteko"; Carlos Iturgaizek galdegin du ez gertatzea, aurrekoren batean bezala, "boto gutxi batzuengatik" PP+Cs koalizioak beste aulki bat ez lortzea; Pedro Sanchezek, PSE-EEko ekitaldi batean, parte-hartze handia eskatu eta "zuhurtziaz" eta "ausardiaz" bozkatzeko galdegin du; eta Europako hainbat herrialdetako lider berdeek Joserra Becerra Equo Berdeakeko hautagaia babestu dute.

EAJk konpromisoa hartu du "osasun publikoa murrizketarik gabe bermatzeko"

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak konpromisoa hartu du "osasun publikoa murrizketarik gabe bermatzeko"; hain zuzen ere, ziurtatu duenez, EAJk hori egin izan du, "ekonomiari dagokionez zailenak izan diren garaietan ere". Testuinguru horretan, bere proposamena da lehen mailako arreta indartzea, egunero 3.100 PCR proba baino gehiago egiten jarraitzea, eta osasun-zentro gehiago sortzea, besteak beste. Errenterian egindako hauteskunde-ekitaldi batean, Osasun sailburu Nekane Murgarekin batera, Urkulluk doluminak agertu dizkie Euskadin COVID-19agatik hil diren 1.600 herritarrei: "Arriskua gurean dago oraindik", ohartarazi du, nahiz eta "okerrena igaro den".

BIDEOA | EAJk bere programak osasun-arloan jasotzen dituen konpromisoak aurkeztu ditu

Iñigo Urkulluk adierazi duenez, Ordiziakoa bezalako berragertzeak egon egongo dira, eta prest egoteko eskatu du: "Arin eta bizkortasunez erantzuten ari gara". "Ordiziako berragertzea ohartarazpena da. Ezin dugu guardia jaitsi; beharrezkoa da gogoraraztea banakako erantzukizuna eta talde-erantzukizuna izan behar ditugula, garbitasun-neurriei eta gizarte-urruntzeari eutsi behar zaiela, eta maskara erabili behar dugula", esan du.

Hautagaiaren esanetan, EAJ konpromiso hauek ditu: "Lehen mailako arreta indartzea, lehen mailako arretako 409 mediku gehiago trebatuz; familia- eta komunitate-erizaintzako espezialisten lantaldea handitzea; egunero 3.100 PCR baino gehiago egiten jarraitzea; osasun-zentro berriak Gasteizen, Murgian, Zallan, Bilbon, Aretxabaletan, Ordizian eta Donostian sortzea, Euskadiko Osasun Publikoaren Legea onartzea, eta kluster biosanitarioa bultzatzea".

Gerora, arratsaldean, Iñigo Urkulluk herritarrei eskatu die igandean bozkatzera joan daitezela; izan ere, koronabirusa gorabehera, "botoa ematea segurua da, eta inoiz baino garrantzitsuagoa". Hauteskunde-kanpainako azken-aurreko mitina egiteko, Urkulluk Gasteiz hautatu du, eta gogora ekarri du COVID-19ak hiri horretan eman zituela "lehen atzaparkadak": "Gainditu egin zituen, eta orain, halaber, krisi ekonomiaren eta langabeziaren aurkako borroka latzari egin beharko zaie aurre".

BIDEOA | Urkullu: 'Krisitik ateratzeko, EAJ da bermerik handiena eskaintzen duena'

"Gainditze-gaitasun horretan bertan dut konfiantza", ziurtatu du EAJko lehendakarigaiak; esan duenez, igandeko hauteskundeak "azken hamarkadetako garrantzitsuenak dira Euskadirako".

EH Bilduk "ustelkeriaren aurkako berme" gisa aurkeztu du bere burua

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, koalizio subiranista ustelkeriarekin "zero tolerantzia" izatearen bermea da; EAJk, aldiz, "ez die mugarik jarri" bere kideetako batzuek egindako "kutunkeria- eta irregulartasun-kasuei". Iriartek Miñaoko industrialdean eman du mezu hori; izan ere, bertan sortu ziren 'De Miguel' auziko legez kanpoko operazioetako batzuk. EAJko agintari ohi batzuek zigorrak jaso dituzte, auzi horretan, ustelkeriarekin lotutako delituengatik.  

BIDEOA | Ustelkeriarekin zero tolerantzia duela adierazi du EH Bilduk

Iriartek azpimarratu duenez, 'De Miguel' auziaz gain, azken urteotan "adiskidekeriako eta kutunkeriako kasu gehiago eta beste irregulartasun batzuk" eman dira ezagutzera; hautagaiak 'Alonsotegi auzia' edo Osakidetzako oposizioko azterketetan izandako ustezko filtrazioak aipatu ditu. Iriarteren hitzetan, horren guztiaren arrazoia da EAJk uste duela "Euskadi pertsona bakar batzuena dela", eta ez beste batzuena. Ildo horretan, Alonsotegin, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du EH Bildu dela bermea "klientelismoari eta ustelkeriari amaiera emateko; EAJ ez da gai izan hori geldiarazteko".

Miñaoko ekitaldian, halaber, Mikel Otero Arabako zerrendaburua izan da; ohartarazi duenez, igandeko hauteskundeetan "boto gutxi batzuengatik" erabakiko da Voxek Araban ordezkari bat lortzen duen ala ez.

Arratsaldean, Maddalen Iriartek salatu du "desinformazioa" dagoela, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ordiziako koronabirus-berragertzeari buruz, eskatu du osasun publikoarekin ez jolastea, eta nabarmendu du euskal herritarrek "egia osorik" esaten duen Jaurlaritza merezi dutela. Deitoratu du informaziorik eza dagoela benetako kutsaduren kopuruaren gainean, eta Eusko Jaurlaritzak hainbat zifra desberdin eman dituela; horrek, haren iritziz, herritarren nahasketa eta beldurra areagotzen ditu, haren iritziz: "EAJk eta PSE-EEk ez dute nahi birusaren gainean hitz egitea, ez dute entzun nahi Euskal Herriko zifrak munduko okerrenak direla".

BIDEOA | Agerraldien argibide guztiak ematea eta elkarlanean jardutea eskatu du EH Bilduk

Elkarrekin Podemos-IUk Arabako boto berdea jasotzea eskatu du, "faxismoa geldiarazteko"

Elkarrekin Podemos-IUk eskatu du Euskadiko "boto berdea", batez ere Arabakoa, koalizioaren inguruan biltzea, "faxistak geldiarazteko", "pasatzen ez uzteko", eta Voxek ez lortzeko lurralde historiko horretan ordezkari bat Legebiltzarrean. Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigai Miren Gorrotxategik Bastidan egindako hauteskunde-ekitaldi batean, eta Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua ere bertan izan da; hain zuzen, Lopez de Uraldek egin du boto berdea biltzeko eskaria.

BIDEOA | Arabako Errioxa berri bat aldarrikatu du Miren Gorrotxategik Bastidan

Miren Gorrotxategik Ordizian atzemandako koronabirus-fokua izan du hizpide, eta argi utzi du Elkarrekin Podemos-IUk errespetatu egiten dutela osasun-agintariek gomendatutakoa, hauteskunde-egunari begira. Lehendakarigaia, bere hitzaldian, Arabako Errioxaz mintzatu da; esan duenez, neurriak behar dira, Arabako Errioxak osasun-larrialdiak eragindako etorkizuneko erronkei aurre egiteko: "Mehatxu berriak sortu dira, eta horiek nekazaritzako profesionalen inbertsioa arriskuan jartzen ari dira".

"Erakundeetan planak eta neurriak garatzea premiazkoa da", galdegin du Gorrotxategik, eta esan du Arabako Errioxako inbertsioak aktibatu egin behar direla; lehendakarigaiaren hitzetan, telelana aukera da, "zerbitzuetako sektorean lan egiten duten eskualdeko herritarrek bertan bizitzen jarrai dezaten".

Arratsaldean, Miren Gorrotxategik salatu du Eusko Jaurlaritzak "ekimen politiko txikia" duela gazteen arazoei aurre egiteko; nabarmendu duenez, "gazteak baztertuta daude, ez despolizitatuta". Elkarrekin Podemos-IUk, Bilbon, gazteekin topaketa egin du; koalizioak plana proposatu du gazteen "kalitatezko" enplegua sustatzeko. Horrek gazteentzako lan-sartzeko plana garatzea aurreikusten du, langabezia-tasa eta prekarietatea modu progresiboan arintzeko.

BIDEOA | Lan prekarietateaz, emantzipazioaz edo berdintasun faltaz hitz egin du Gorrotxategik

Carlos Iturgaizek galdegin du ez gertatzea, aurrekoren batean bezala, PP+Cs koalizioak "boto gutxi batzuengatik" beste aulki bat ez lortzea

PP+Cs koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaizek, Gasteizen, berriro ere eskatu du zentro-eskuineko botoa bere koalizioan biltzea, eta gogora ekarri du nola azken hauteskunde orokorretan PPk "boto gutxi batzuengatik" ez zuen lortu aulki bat Araban: "Biktimek, guk, ez genuen lortu, eta borreroek eskuratu zuten", deitoratu du Iturgaizek. "Boto konstituzionalista barreiatzeak", ohartarazi du, "beste aukera batzuetan" (Vox alderdiaz ari zen, nahiz eta aipatu ez duen), "soilik nazionalismoari egiten dio mesede: EAJri eta EH Bilduri, hain zuzen ere".

BIDEOA | Adinekoak PP+Cs koalizioaren agendan daudela aldarrikatu dute Gasteizen

"Boto guztiak behar ditugu", esan du goizean Iturgaizek, adinekoen gaineko ekitaldi batean; Pablo Montesinos PPko Komunikazio idazkariordea eta Laura Garrido eta Jose Manuel Gil hautagaiak ere izan dira bertan. Iturgaizek hitzeman duenez, PP+Cs koalizioak Legebiltzarrean "talde sendoa" osatuz gero, nazionalismoaren aurkako "euste-dikea" eta "antidotoa" izango da: "Beharrezkoa da euskal herritarrak, espainiarrak eta konstituzionalistak garenon ahotsa ere Legebiltzarrean egotea", gehitu du. 

Gerora, arratsaldean, Getxon, Carlos Iturgaiz gauean Fernando Buesaren panteoian margo gorria bota dutenei zuzendu zaie (Buesa PSOEko politikaria izan zen, eta ETAk 2000n erail zuen): "Hildakoen aurka egin dezakezue, baina bizirik gaudenok hemen egongo gara, eraildako guztien memoriaren alde egiteko", esan du.

BIDEOA | Kritiko hitz egin du Iturgaizek EAJ-PSE tandemaren aurka

Pedro Sanchezek parte-hartze handia eskatu eta "zuhurtziaz" eta "ausardiaz" bozkatzeko galdegin du

Arratsaldean, Gasteizen egindako mitin batean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia babestu du; esan duenez, eskuina "berriro ere ahaleginduko da Gobernua eraisten, krisi ekonomiko eta sozialarekin, baina berriro ere porrot egingo du, osasun-larrialdian porrot egin zuen bezala". Espainiako Gobernuak osasun-krisian egindako kudeaketa aldeztu du, eta esan du ez dagoela ados agintari nazionalistekin, horiek esaten dutenean pandemiaren kudeaketa beraiek bakarrik hobeto egingo zutela. Gainera, eskatu du parte-hartze handia egotea EAEko hauteskundeetan, eta herritarrei esan die "zuhurtziaz eta ausardiaz" bozkatzeko. Aldarrikatu du "hain identitarioa ez den" eredu bat autogobernurako, eta aldeztu du euskal, espainiar eta europar nortasunak "osagarriak" direla.

BIDEOA | Mendia: 'Espainiako eta Euskadiko Gobernuen indarrak batu behar ditugu'

Idoia Mendiak, bere aldetik, adierazi du igandeko hauteskundeetan Euskadiko etorkizuna dagoela jokoan, eta hori "Espainiako etorkizunari lotuta" dagoela. Ziurtatu duenez, Euskadi "ez dago esperimentuak egiteko moduan"; izan ere, Gobernu sendoa behar du, "Espainiakoarekin bat dagoen Gobernu bat. Bi Gobernuak batera, bultzada sozialistak bat eginda; ez dago indar handiagorik". 

Goizean, Mendiak, Ermuan egindako ekitaldi batean, nabarmendu du bere alderdia "progresisten boto segurua" dela; izan ere, PSE-EEk bermatzen du "Gobernuak despista ez daitezela, gertukoaz ardura daitezela, berritzen saia daitezela, elkarlanean ibil daitezela eta elkarren artean lehiatzeari utz diezaiotela, ezkerrekoak diren eta abertzaleak ez diren politikak egin ditzatela".

BIDEOA | Etorkizuna abstentzioaren esku ez uztea eskatu du Idoia Mendiak

Europako hainbat herrialdetako lider berdeek Equo Berdeakeko hautagaia babestu dute

Europako hainbat herrialdetako lider berdeek Joserra Becerra Equo Berdeakeko lehendakarigaia babestu dute, modu telematikoan, alderdiaren kanpaina-amaierako ekitaldian. Becerrarekin bat egin dutenen artean, hauek daude: Julien Bayou Frantziako berdeen idazkari nazionala (ekainaren amaierako hauteskundeetan alderdi horrek Frantziako hiri handi batzuetako alkatetzak lortu zituen); Evelyne Huytebroeck Bruselako Gobernuko ministro ohi eta Europako Alderdi Berdeko egungo liderra (Austrian, Irlandan, Finlandian eta Luxenburgon gobernatzen du alderdi horrek); eta Terry Reintke Alemaniako berdeen eurodiputatua (herrialdeko hamazazpi lurraldeetatik, hamabitan gobernatzen dute).

Argazkia: Equo Berdeak.

Becerrak lider berdeen babesa eskertu du, eta aurreko legegintzaldian Eusko Jaurlaritzan egindako parlamentu-lana nabarmendu du. Hautagaiak azpimarratu duenez, "erakutsi dugu aukera desberdina garela, gero eta erakarriagoa eta gero eta herritar gehiagorentzat, Euskadin eta Europan". 

Besteak: Recortes 0 - Los Verdes koalizioak aberastasunaren birbanaketa aldarrikatzen du

Recortes 0 - Los Verdes koalizioak aberastasunaren birbanaketa aldarrikatzen du. Bilbon egin duen ekitaldian Iberdrolako akzidunei eskaera solidario bat luzatu die.

BIDEOA | Recortes 0 - Los Verdes koalizioak aberastasunaren birbanaketa aldarrikatzen du.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena