EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

18:22

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Hauteskunde-kanpaina

EH Bilduk "faxismoa eta distantziakidetasuna" geldiarazteko eskatu du botoa

Agentziak | Erredakzioa

EAJk autogobernua eta pandemia izan ditu hizpide, Elkarrekin Podemos-IUk LGTBI eskubideak, PP+Csk “kutunkeria". PSE-EE Nafarroari eta Errioxari begiratu die, eta Equo Berdeakek elkartasuna eskatu du.

  • Maddalen Iriarte, EH Bilduk Lekeition egindako ekitaldian

    Maddalen Iriarte, EH Bilduk Lekeition egindako ekitaldian. EiTBren bideo batetik hartutako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hauteskunde-kanpainako bigarren egunean, euskal alderdiek hainbat ekitaldi politiko egin dituzte, hautesleei uztailaren 12ko hauteskundeetarako euren proiektuak helaraztea helburu. EAJk nabarmendu du autogobernuak pandemian zehar izandako indarra, EH Bilduk "faxismoa eta distantziakidetasuna" geldiarazteko modu gisa eskatu du botoa, Elkarrekin Podemos-IUk LGTBI eskubideetan aurrera egitea galdegin du, PP+Csk EAJren "kutunkeria" salatu du, PSE-EE Nafarroarekin eta Errioxarekin elkarlana sendotzearen garrantziaz mintzatu da, eta Equo Berdeakek "elkartasuna" eskatu du.

EAJk autogobernuak osasun-krisian izandako sendotasuna nabarmendu du

Eguerdian, Zornotzan, Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJko lehendakarigaiak nabarmendu du autogobernua "sendotasuna" izan dela Euskadirentzat osasun-krisian, eta galdetu du "noren esku utziko dugun herrialde honen susperraldia gidatzeko ardura. Erantzunik onena, EAJ", gehitu du.

EAJko lehendakarigaiak onartu du "kezka handiko garaiak" bizitzen ari garela, ikuspegi sozial, ekonomiko eta politikotik: "Kostua, giza bizitzetan, eta gizarte- eta ekonomia-kostua, oso handia ari da izaten", pandemiaren ondorioz. Urkulluren esanetan, "inoiz ez bezalako osasun-krisia izan dugu. Sufritu dugu, baina birusa geldiarazi eta arintzea lortu dugu. Osasun Sailak eta Osakidetzak ahalegin handia egin dute, eta egiten ari dira, eta hori emaitzak ari da ematen", adierazi du, osasun-langileen lana eskertuta.

BIDEOA | Urkulluk elkartasunaren aldeko deialdia egin du krisi ekonomikoari aurre egiteko

Arratsaldean, Laudion, Urkulluk, koronabirusaren pandemiak utzitako egoera "latza gainditzeko, ondorengo Jaurlaritza eskaini du: "Indartsua, trebatua, zalantzarik gabekoa; kudeatzeko eta elkarlanean aritzeko ahalmena duena; bide-orri ekonomikoa eta soziala duena".

Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin eta Estibaliz Larrauri Arabako hautagaiarekin batera, Urkullu "gainditze-eredu" gisa aritu da Laudioz; izan ere, esan duenez, "krisi larriak jasan ditu". Besteak beste, 1983ko uholdeak, egungo pandemia, edo Aiara eskualdean itxi behar izan dituzten industria, eta horrek ekarritako zailtasunak, aipatu ditu.

"Laudioko herritarren jarrera, Laudioko adorea, Laudioko erresistentzia, Euskadiko historia da. Herrialde hau aurrera atera duten milaka eta milaka euskal herritarren adibideetako bat zarete. Adibide hori jarraituko dugu, eredu hori. Aurrera egingo dugu, berriro ere. EAJren hitza da", adierazi du.

BIDEOA | EAJ: ''Krisia gainditzeak ahalegin handia eskatuko du, baina aterako gara''

EH Bilduk "faxismoa eta distantziakidetasuna" geldiarazteko modu gisa eskatu du botoa

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, Lekeition, botoa eskatu du, "faxismoa eta haren gezurrak geldiarazteko" modu gisa. Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariari ohartarazpena egin dio: "Faxismoaren aurrean, distantziakidea izateak ez du balio". Iriartek, horrela, EAJko lehendakarigaiak ostiralean argitaratutako salaketa-mezua izan du hizpide; Urkulluk Rocio de Meer Voxeko diputatuak Sestaon egindako mitin batean pairatutako erasoa salatu zuen.

Ildo horretan, Iriartek harridura agertu du, kontuan izanik "Urkulluk faxismoaren eta antifaxismoaren artean duen distantziakidetasuna". Esan duenez, "faxismoaren goieneko unea ikusirik, herrialde honetan ere ez gaude seguru, horren aurrean; ezin gara despistatu, eta hainbat gauza argi izan behar ditugu, herrialde gisa".

BIDEOA | Faxismoaren arriskuei buruz aritu da Maddalen Iriarte Lekeition

"Gernika bonbardatu zutenen aurrean, ez dago distantziakidetasunik izaterik; herritar eta herri gisa eskubide guztiak kendu zizkigutenen aurrean, ez du balio distantziakide izateak", zehaztu du. Haren hitzetan, "faxismoa eta distantziakidetasuna geldiarazteko botorik onena EH Bildu da; eta faxismoari eman ahal zaion erantzunik hoberena hari markagailua hutsean uztea da".

EH Bilduko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, EH Bildu da bide aproposa, "herri gisa ditugun eskubide guztiak arriskuan jartzen dituen faxismo horren aurrean". "Soilik EH Bildu indartsu badago lortu ahalko ditugu, herrialde honetarako, herri gisa aurrera egiteko eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraikitzeko behar ditugun baliabide subiranoak".

BIDEOA | Autogobernurako zuten akordioa alde batera uztea aurpegiratu dio EH Bilduk EAJri

Elkarrekin Podemos-IUk dio Jaurlaritza berriak "neurri argiak" bultzatu behar dituela LGTBI eskubideetan aurrera egiteko

Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigai Miren Gorrotxategik, bere aldetik, esan du Eusko Jaurlaritza berriak bere gain hartu behar duela, "eginbeharrekoetako bat gisa", sexu-aniztasuna, askatasuna eta berdintasuna normalizatzea, LGTBI kolektiboaren diskriminazioaren kontrako "neurri argien bidez". Horrekin lotuta, LGTBI Plan osoa bultzatzea proposatu du, bai eta pluraltasuna eta aniztasuna oinarrizko balio gisa sustatzen dituen hezkuntza-programa bat eta "LGTBI-fobiaren aurkako" Behatoki bat ere.

Gorrotxategik bideokonferentzia egin du, Beatriz Gimeno Emakumearen Institutuko zuzendariarekin eta Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosek Donostian duen zinegotziarekin, LGTBi Harrotasunaren Eguna dela eta. Aurretik, lehendakarigaiak, komunikabideei egindako adierazpenetan, aldarrikatu du egun hau, Elkarrekin Podemos-IUrako, "gorriz markatuta" dagoela, "gizarte askeagoan eta berdinzalean sinesten dugun pertsona guztientzat".

Gorrotxategiren hitzetan, euskal gizartea "gero eta anitzagoa, toleranteagoa eta berdinzaleagoa" da, baina, ohartarazi duenez, "badago zer eginik", eta hurrengo urratsari erakundeetatik heldu behar zaio.

BIDEOA | Sexu-aukera guztien alde agertu da Miren Gorrotxategi

Arratsaldean, koalizioak hauteskunde-kanpainarako prestatu duen iragarkiaren aurkezpenean, hautagaiak nabarmendu du, "aldeak gorabehera", "gizarte pluralagoaren, sozialaren eta jasangarriaren helburu nagusiak partekatzen ditugunen batasuna geldiezina" dela, eta onuragarria ere, "gizartearen gehiengoarentzat”. Halaber, gogorarazi du euskal herritarrak "garai oso kritikoa" bizitzen ari direla, COVID-19ko pandemiak eragindako krisiagatik: "Maite ditugun hainbaten heriotza ekarri du, zenbait gaixori sufrimendu handia ekarri die, hainbat zerbitzu eta sektoreko langileak euren bizitzak arriskuan jartzera behartu ditu, beste askoren bizitza salba dezaten, langile asko enplegurik gabe utzi ditu, eta zenbait autonomo txikik itxi behar izan dute".

BIDEOA | Elkarrekin Podemos-IU koalizioak kanpainarako iragarki nagusia aurkeztu du

PPren esanetan, gazteek "EAJren kutunkeriagatik" alde egiten dute Euskaditik, bai eta "talentuaren aurrean kokatzen den hizkuntza batengatik" ere

PP+Cs koalizioaren lehendakarigai Carlos Iturgaizek adierazi duenez, "urteak eta urteak aukerarik izan gabe emateagatik" alde egiten dute gazteek Euskaditik; halaber, "EAJren kutunkeriagatik" joaten dira, Iturgaizen esanetan, baita "talentuaren aurrean kokatzen duten hizkuntza batengatik" ere.

Larunbat honetan, Iturgaizek gazteekin egindako ekitaldi politiko batean hartu du parte, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkatearekin batera. PP+Cs koalizioak Bizkaian duen bigarrena ere, alegia, Ciudadanoseko Luis Gordillo, bertan izan da.

BIDEOA | ''EAJren agiria ez baduzu, ez duzu aukerarik hemen'', esan die Iturgaizek gazteei

Bere hitzaldian, Iturgaizek COVID-19ren ondorioz hildakoak ekarri ditu gogora, bai eta Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden bi langileen familiak ere. Halaber, ostiral honetan Sestaon Rocio de Meer diputatuak jasandako erasoa salatu du: "ETAren aldekoek eraso zioten. Adierazpen-askatasuna beti da sakratua, Euskadin izan ezik; hemen, erradikalek mehatxatua dago. ETAko kriminalei, hemen, omenaldiak egiten dizkiete; baina 'viva España' esaten baduzu, edo Espainiako bandera eramaten baduzu, faxista nazkagarria zara", gaitzetsi du.

BIDEOA | Gazteen botoa eskatu du Carlos Iturgaizek

Mendia: "PSE-EEri botoa ematea Nafarroarekin eta Errioxarekin elkarlana sendotzea da"

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, uztailaren 12an bere alderdiak jasotako botoek "Nafarroarekin eta Errioxarekin koordinazio- eta elkarlan-estrategia sendotzeko balioko dute"; hain zuzen, "aurrerabideko begirada" eskaintzeko, "mugetatik eta banderetatik haratago".

BIDEOA | Elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du Idoia Mendiak

Goizean egindako ekitaldi politikoan, Gasteizen, Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Concha Andreu Errioxako presidenteak Mendia babestu dute. Chivite eta Andreu ere PSOEko kideak dira.

BIDEOA | Euskadiren, Nafarroaren eta Errioxaren arteko elkarlana bultzatu nahi du PSE-EEk

Hitzaldian, Mendiak nabarmendu egin du bi presidenteek euren autonomia-erkidegoetan egindako lana, "zailtasunak saihestuta, aurrerabideko eta aniztasuneko ideia bera izanda". Onartu duenez, Euskadik, Nafarroak eta Errioxak asko dute komunean, baina, hala ere, gutxitan izan dute aukera estrategiak partekatzeko.

Equo Berdeakek "Elkartasun Zerga" proposatu du, mozkin gehien dituzten enpresentzat

Equo Berdeakeko lehendakarigai Joserra Becerrak Euskadin ongizate-eredu berria bultzatzearen alde egin du, desparekotasunak murrizte aldera. Ildo horretan, mozkin gehien dituzten enpresentzako "Elkartasun Zerga" ezartzea proposatu du.

Argazkia: Equo Berdeak.

Zenbait militanterekin batera Bilbon egindako ekitaldi batean, alderdi berdeak aldeztu du "denok lagundu behar dugula, krisi honetatik hobeak irteteko", eta, horretarako, zerga-sistema eraldatzearen alde egin du, "gehien dutenek eta gehien kutsatzen dutenek gehiago ordain dezatela".

Beste batzuk: VOXek salatu duenez, Rocio De Meer diputatua zauritu dute Sestaoko istiluetan

Bestalde, VOXek salatu duenez, Rocio De Meer diputatua zauritu zuten ostiralean Sestaoko istiluetan. Voxen hauteskunde-ekitaldi horretan izandako istiluen ondorioz, Segurtasun Sailak debekatu egin du larunbat arratsaldean Irunen alderdi horrek egitekoa duen ekitaldiaren aurkako manifestazioa.

BIDEOA | VOXek salatu duenez, Rocio De Meer diputatua zauritu dute Sestaoko istiluetan

Hala, ordena publikoa asaldatzea egotzita, bi pertsonaren aurkako espedientea zabaldu du Ertzaintzak Irunen, arratsaldean. Bertako kaleetan istiluak izan dira.

BIDEOA | Tentsio-uneak errepikatu dira ultraeskuinaren ekitaldian, Irunen

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena