EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak
EAE-ko Hauteskundeak 2020
Hauteskunde-kanpaina
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduren iritziz, "partida badago". Elkarrekin Podemos-IUk ekonomia berdea nahi du, eta PP+Csk lan-espedienteak abendura arte. PSE-EEk dio asko dagoela jokoan; Equo Berdeakek berreraiki nahi du.
EAJren ekitaldia, Bilbon. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Informazio gehiago (1)
Uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoetako kanpainaren lehen egunean, euskal alderdiek hainbat ekitaldi egin dituzte. Hala, EAJk gazteei enplegua eta lehen lan-esperientzia emateko plana proposatu du, eta, EH Bilduren iritziz, "partida badago". Elkarrekin Podemos-IUk ekonomia berdea nahi du, eta PP+Csk lan-espedienteak abendura arte luzatzea proposatu du. PSE-EEk dio asko dagoela jokoan, eta Equo Berdeakek Jaurlaritzak berreraikitzea nahi du.
EAJk gateentzako plana proposatu du
Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJko lehendakarigaiak plan bat proposatu du, 30.000 gazteri enplegua eta lehen lan-esperientzia emateko; halaber, Urkulluren helburua da euskal gazteen emantzipazio-adinak 28 urtera behera egitea, enplegu- eta etxebizitza-plan berri batzuen bidez. Horrez gain, kalitatezko lanpostuak bultzatu aldi baterako kontratuak murriztu eta lanaldi partzialak txikiagotu nahi ditu. "Ez dira hitzak, konpromisoak dira", ziurtatu du.
Urkulluk euskal gazteei eskaini die kanpainako lehen eguneko ekitaldi nagusia. Topaketa egin du Bilbon, Indautxu Plazan, hainbat gazterekin; horiek, hautagai jeltzalearen konpromisoen berri izan aurretik, Euskadiko egungo egoeraren gaineko euren ikuspegia helarazi diote, bai eta etorkizunerako euren itxaropenak ere.
"Pozten nau ekitaldi hau zuekin partekatu eta zuek entzuteak", adierazi du Urkulluk; izan ere, gazteak haren esanetan, "gure oraina eta etorkizuna" dira: "Guztion artean, oraina eta etorkizuna eraiki behar ditugu", esan die. Azaldu ere azaldu duenez, EAJren hauteskunde-programak hurrengo legegintzaldirako bost akordio nagusi ditu, eta horietako lehenak gazteak eta familiak ditu hizpide.
BIDEOA | Urkulluk gazteen ahotik euren kezka eta asmoak entzun ditu
Ordu batzuk lehenago, goizean, Iñigo Urkulluk berretsi du klima-aldaketaren aurkako borrokaren aldeko bere apustua; halaber, garraio publikoaren, ibilgailu elektrikoaren eta energia berriztagarrien alde egin du, Euskadi "jasangarriagoa" eraikitzeko.
Aian, EAJko lehendakarigaiak ingurumenarekin lotutako bost ekimen aurkeztu ditu, hurrengo legegintzaldirako. Besteak beste, Klima Aldaketaren Lege berri bat proposatu du, bai eta azken kontsumoan energia berriztagarriak % 20ra igotzea ere, eta, halaber, euskal eskualde guztietan egitekoa litzatekeen plan bat, oinezko edo bizikletazko mugikortasuna % 20 areagotzea helburu. Horrez gain, konpromisoa hartu du toki-produktuak eta garaiko produktuak bultzatzeko, eta hitzeman du Euskadiko zuhaitz-azalera 10.000 hektarea handiagoa izango dela.
BIDEOA | EAJk Pagoetako Parke Naturala aukeratu du ingurumenarekiko konpromisoa adierazteko
EH Bildu: "Partida egon badago"
EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik Irunen ohartarazi duenez, uztailaren 12rako, "partida egon badago"; izan ere, EAJren Jaurlaritzak, "hainbat kontzientzia narkotizatu baditu ere, herritar asko haserretu egin ditu", COVID-19ko eta Zaldibarko krisiengatik, eta "zenbait urtetan egindako murrizketengatik".
Otegik adierazi du EH Bilduren nahia dela "gauzak aldatzea", eta "suminduekin" egingo duela, "abiapuntura berriro ez bueltatzeko"; izan ere, "ekoizpen-, kontsumo- eta gizarte-eredua aldatu ezik, ezinezkoa da irtetea".
Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiaren ustez, EAJk hauteskundeak irabaziko balitu,"murrizketak" izango lirateke. Hori dela eta, Iñigo Urkullu EAJko hautagaiari eskatu dio "zintzoa" izan dadila, eta esan diezaiela, "ahalik eta lasterren", herritarrei "noiz ezarriko dituen murrizketa horiek, eta artaziak noraino sartuko dituen".
BIDEOA | Maddalen Iriarte torturaren eta GALen biktimekin bildu da
Eguerdian, EH Bilduko lehendakarigaiak plan bat aurkeztu du, "prekarietateari amaiera emateko helburuarekin"; horren aurreikuspena da 33.000 lanpostu berri sortzea, eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea. Iriartek hitzeman duenez, "merezi dugun herrialdea sortzea helburu duen Jaurlaritza" osatuko du: "Herritarren prekarietatearekin amaituko dugu, gazteak eta emakumeak lehenetsita; izan ere, horiek sufritzen dute gainerakoek baino gehiago".
BIDEOA | Etxebizitzarako eskubidea aldarrikatu du Maddalen Iriartek Donostian
Elkarrekin Podemos-IUk, "ekonomia berde" baten alde
Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigai Miren Gorrotxategik aldeztu du beharrezkoa dela "estrategikoak diren sektoreetan kalitatezko enplegua sortzeko ekonomia berde baterantz igarotzea, hain zuzen ere gizarte- eta ingurumen-ikuspegitik jasangarriak diren sektoreetan". Iragarri duenez, klima-larrialdiko lege berri bat proposatuko du, "anbizio handiko helburuekin, ekonomia eta industria-jarduera osorako transbertsalak diren helburuekin". EAJren proposamena, Gorrotxategiren esanetan, “eskasa da, alferrikakoa”.
Gasteizen arratsaldean egindako ekitaldian, Unidas Podemoseko diputatu Juantxo lopez de Uralderekin batera, koalizioko hautagaiak babestu du Euskadik "jasangarria, gogorra, erresilientea, segurua eta osasuntsua" izan behar duela. Gorrotxategik esan du EAEk igaro behar duela "planeta zainduko duen ekonomia berde baterantz, alegia, edozein erabaki hartzean ondorengo belaunaldietan pentsatuko duen ekonomia baterantz". Hautagaiak nabarmendu duenez, proposatzen duen lege horrek "aldaketa azkarra eta sakona" ekarriko du, kontsumitzen, ekoizten eta merkaturatzen dugun moduan, "Nazio Batuek gomendatzen dutenez".
BIDEOA | Larrialdi klimatikoko lege berri bat sortzea nahi du Elkarrekin Podemosek
Ordu batzuk lehenago, eguerdian, Elkarrekin Podemos-IUk, Donostian, aldarrikatu du euskal gizarteak torturaren gaineko egia ezagutzeko eskubidea duela; izan ere, Miren Gorrotxategiren esanetan, "orban horren ondorioak ezagutzera ematea justizia- eta erreparazio-ekitaldia da".
Nestor Basterretxearen Bakearen Usoaren eskulturaren aurrean (lore-eskaintza egin du bertan), Gorrotxategik esan du torturaren biktimek "inoiz eman behar ez zen bidegabeko sufrimendua" pairatu zutela. Gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 2017an argitaratutako txostena; horren arabera, 1960-2014 artean 4.100 salaketa erregistratu ziren Euskadin torturengatik; dokumentuak, baina, zehaztu ere zehazten zuen kopuru hori "kaltetuen benetako tamainatik behera" kokatuta zegoela.
BIDEOA | Torturaren biktimen egunean, Elkarrekin Podemos-IUk lore-eskaintza egin du Donostian
PP+Csek aldi baterako lan-erregulazioak abendura arte luzatzea eskatu du
Bere aldetik, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioaren lehendakarigaiak aldi baterako lan-erregulazioak abendura arte luzatzea eskatu du, bai eta enpresetarako eta autonomoentzako askoz ere laguntza eta zerga-murriztapen gehiago sortzea ere. Horren xedea litzateke susperraldi ekonomikoa bultzatzea, osasun-krisiaren ostean.
BIDEOA | Enplegua eta kontsumoa sustatzeko 400 milioi euroko plana proposatu du Iturgaizek
Goizean, Arabako hainbat enpresari gazterekin izandako topaketa telematikoan, Iturgaizek ziurtatu du Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia "belauniko" daudela, PSE-EEri erreguka, sozialistekin Gobernu akordioa berriro egin nahi dutelako. Hala, EAJk eta PSE-EEk, berriro ere, "besaulkiak eta txosnak banatzeko aukera izango lukete, kudeaketa ona alde batera utzita".
BIDEOA | Euskadi zulotik atera nahi du Carlos Iturgaizek
Eguerdian, PP+Cs koalizioko lehendakarigaiak, Erandion, botoa eskatu die herritarrei, lana sortzeko, industria bultzatzeko eta autonomoak babesteko, eta Euskadi, berriro ere, Espainiako "ekonomia- eta enplegu-motorra" izan dadin. Iturgaizek Bizkaiko Ezkerraldeari egin dio aipamena; esan duenez, bere garaian, "hainbat fabrika eta enpresa" zeuden bertan, baina kudeaketa txarrak (Espainia mailan ezkerraren aldetik, eta Euskadin nazionalismoaren aldetik) "lurralde soila" utzi die "ekonomia-munduari eta industria-sareari".
PSE-EEren iritziz, "asko" dago jokoan
Portugaleten egindako ekitaldi batean, Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak ziurtatu du hauteskunde hauetan "asko" dagoela jokoan: "Oso garrantzitsuak dira; izan ere, hauteskunde hauetatik irtengo diren emaitzek EAEko herritarren hurrengo belaunaldiaren norabidea zehaztuko dute, eta ezinbestekoa da asmatzea".
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa Mendiarekin izan da, arratsaldean egindako mitin horretan. Grande-Marlaskak ziurtatu duenez, hauteskunde honetan ez daude eztabaidagai Espainiako Gobernua edo presidentea: "Horiek baditugu, luzaroko", adierazi du.
BIDEOA | Euskadi berreraiketzera deitu dute sozialistek
Lehenago, kanpainako lehen eguerdian, Idoia Mendiak proposatu du Euskadin, hurrengo legegintzaldian, "adostutako berreraikitzeari heltzea", hiru mahaitan: bata, gizarte-elkarrizketakoa litzateke; bigarrena, zibila; eta hirugarrena, instituzionala. Horietan, egoeraren diagnostikoa egingo lukete, eta "beharrak eta lehentasunak" zehaztuko lituzkete. Gerora, Mendiaren eskaintzaren arabera, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien mahaia sortuko litzateke, "belaunaldi baterako akordio handia erdiesteko".
BIDEOA | Enplegua sortzea izango da euskal sozialisten helburu nagusia
Equo Berdeakek "alderdi guztiek babestutako berreraikitze-gobernua" osatzea eskatu du
Equo Berdeakeko lehendakarigai Jose Ramon Becerrak eskatu du "alderdi guztiek babestutako berreraikitze-gobernua" osatzea, "gehiengorako Euskadi berria eraikitzeko".
Jose Ramon Becerra Equo Berdeakeko lehendakarigaia, Donostian. Argazkia: Equo Berdeak.
Donostian egindako ekitaldi politiko batean, Becerrak, hiru lurralde historikoetako zerrendaburuekin batera (alegia, Edurne Baranda Gipuzkoako zerrendaburu, Stella Garcia Bizkaiko zerrendaburu eta Erika Martinez Arabako zerrendaburuarekin), deia egin du koronabirusaren krisiak irakatsitako guztia jasotzeko, "EAEko herritarren gehiengoaren onurarako berreraikitzea lortze aldera, ez bakarrik gutxi batzuen onurarako".
Istiluak eta diputatu bat zaurituta, Voxek Sestaon egindako mitin batean
Bestalde, Santiago Abascal Voxeko buruzagia Sestaon izan da arratsaldean, eta ekitaldia istiluekin amaitu da. Eskuin muturreko alderdiaren mitina segurtasun-neurri handiekin burutu da; talde antifaxistek deituta, ehunka herritar bildu dira San Pedro plazan, Voxen aurka protesta egiteko. Zenbait manifestarik harriak eta botilak jaurti dituzte eta Ertzaintza oldartu egin zaie. Rocio de Meer diputatuak harrikada jasan du, bekainean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa