Teknologia -
5G-aren etorrera
Lurreko Telebista Digitalaren frekuentzia aldaketa gaur abiatu da EAEn eta Nafarroan
Aldaketak ez du telebista katerik desagerraraziko, ezta sorraraziko ere. 700 Mhz banda 5G telefonia mugikorrerako zerbitzuentzat libre utzi behar da, eta horrek eragin du frekuentzia aldaketa.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroaren zati batean gaur hasi dira Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) frekuentziak aldatzen.
Zehatz esanda, EAEko 226 udalerritan egingo dituzte aldaketok (Arabako 26tan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztietan) eta Nafarroako 26tan. Arabako beste 25 udalerritan eta Nafarroako 246tan urteko azken hiruhilekoan edo 2020ko lehen hiruhilekoan egingo dute moldaketa.
Nafarroan, Erriberako hainbat herritan (Ablitas, Arguedas, Barillas, Buñuel, Cabanillas, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Tutera, Tulebras eta Valtierra) eta Gipuzkoatik gertu dauden batzuetan (Arano, Areso, Etxalar, Leitza, Lesaka, Bera eta Igantzi) abiatuko dute prozesua, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak zehaztu duenez.
Aldaketa Bigarren Dibidendu Digitala delakoaren ondorio da. Europak aginduta, 2020ko ekainaren 20rako libre utzi behar da 700 MHz-ko banda telefonia mugikorraren bosgarren belaunaldia (5G) ezartzeko.
Prozesuak ez du telebista katerik desagerraraziko, ezta sorraraziko ere. Telebista eta LTD deskodegailuak ere ez dira aldatu beharko. Eraikin batzuetan ez da telebista seinalea jasotzeko instalazioa aldatu beharko, eta aldatu behar dutenek dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte (100 eta 600 euro artekoak, aurrez ezarritako azpiegituraren arabera).
Herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, telebista kateek bi frekuentzietan (berria eta zaharra) emitituko dute ("simulcast" deritzo) behin betiko itzalaldia heldu arte. Udalerri gehienetan sei hilabetez luzatuko da; batzuetan, berriz, hiru hilabetez.
Moldaketak jabeen eraikinetan
Aldaketen berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuten joan den astean Antonio Fernandez-Paniagua Espainiako Gobernuko Irrati-maiztasunen Espektroa Planifikatu eta Kudeatzeko zuzendariorde nagusiak eta Vicente Reyes Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordeak.
Fernandez-Paniaguaren esanetan, "frekuentzia aldaketak ez die eraikin guztiei berdin eragingo. Kanal bakarreko sistemak edo telefonogune programagarriak dituzten jabe askoren eraikin ertain eta handiek aldatu beharko dute azpiegitura. Etxe bakarrek ez dute moldaketarik egin beharko".
Jabeen erkidegoak instalatzaile erregistratu bati eskatu beharko dio aldaketa egiteko. Hainbat aurrekontu eskatzea komeni da.
Dena den, Fernandez-Paniaguak gogorarazi duenez, "eraikinen azpiegitura edozein dela ere, herritarrek euren telebistak berriro sintonizatu beharko dituzte simulcast emisioa amaitzen denean, 2020ko urtarrilaren amaierarako, alegia".