Politika -
Gernikako Estatutua
Aldebiko Batzordea urria bukatu baino lehen bilduko dela iragarri du Ubarretxenak
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburuak kostaldearen kudeaketako eskumenari buruzko akordio bat urte amaierarako ixtea espero du. Abuztutik aurrera bi gobernuen arteko lan-batzordeak jarriko dira martxan.
EITB MEDIA
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburuak iragarri du Aldebiko Batzordea urria amaitu baino lehen bilduko dela, transferitzeke dauden eskumenetan "sakontzeko".
Gainera, sailburuak kostaldearen kudeaketako eskumenari buruzko akordio bat urte amaierarako ixtea espero du.
Ubarretxena Angel Victor Torres Espainiak Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroarekin bildu da arratsaldean.
Horrela, Aldebiko Batzorde Iraunkorraren lehen bilera urria amaitu baino lehen egingo da, eta, bertan, Espainiako Gobernuak datozen urteetan Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eskualdatzeko konpromisoa hartu zuen 29 eskumenetan sakonduko da, dagoeneko mahai gainean dauden sei transferentziei arreta berezia eskainiz.
Lan-batzordeak, abuztutik bueltan
Bi gobernuetako ordezkariek azaldu dutenez, abuztutik bueltan bi gobernuen arteko lan-batzordeak jarriko dira martxan, Aldebiko Batzordean lehen planteamendu bat mahai gainean jarri ahal izateko.
Azpimarratu dutenez, Aldebiko Batzordearen lehen batzar horretan Ministerioak dagoeneko zirriborro bat duen transferentzietan aurrera egin nahi dute. Iñigo Urkulluren Gobernuak helarazi zizkion zirriborroak.
Sei eskumen dira, hala nola kostaldearen kudeaketa, immigrazioa (EAEn lan egiten duten atzerritarrentzat norberaren edo besteren konturako lana baimentzea), itsas salbamendua, metereologia, laneko segurtasuna eta osasuna, eta zinematografia babesteko funtsa.
Iragan ostiralean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Imanol Pradales lehenadakariak Gernikako Estatutua betetzeko hartutako konpromisoa eta gero iritsi da gaurko hitzordua.
Pasa den otsailean, bi gobernuek migratzaileak hartzeko sistemaren transferentzia, aldiriko trenak eta atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa eskualdatzea adostu zuten.
Eusko Jaurlaritzak jasotzeko dituen 29 eskumenen artean dago, besteak beste, Gizarte Segurantzaren kudeaketa.