Politika -

espetxeak

Jaurlaritzak lan egingo du ETAko presoek "eragindako kaltea injustua" izan zela aitor dezaten

Horixe adierazi du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburu berriak astelehen honetan Donostiako Miramar Jauregian abiatu den espetxeei buruzko udako ikastaroan.

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Justiziako sailburua
Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Justiziako sailburua
San Josek esan du Jaurlaritzak ez duela etsiko ETAko presoek ''eragindako minaren bidegabekeria'' onar dezaten

0:33

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko presoak espetxetik ateratzen direnean, egindako mina onartzeaz gain, "eragindako kaltea injustua" izan zela aitor dezaten egingo du lan Jaurlaritzak, Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetarako sailburu sozialistak iragarri duenez. Miramar Jauregian astelehen honetan abiatu den "Espetxeak gizatiartu" izeneko udako ikastaroaren baitan egin ditu adierazpenok.

"Ez dugu etsiko, beraiek borrokatu zutenaren justu kontrakoa den Euskadi batekin topo egingo dute kalera irtetzen direnean", adierazi du San Josek, eta gaineratu du "espetxeen kudeaketari buruz adostutako ereduaren une erabakigarriaren aurrean" gaudela, behin bere "eskumen integrala bereganatu ondoren". Hala, esan du "espetxe-ereduaren definizioak izan nahi dugun gizartearen definizioarekin duela zerikusia".

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu berriak nabarmendu du "terrorismoak ekarri zuen tragedia gogoratzea askorentzat ez dela gustokoa", eta "Euskadik terrorismoarekin amaitzea lortu bazuen ere", uste du "biktimengan sortutako minaren arrastoak hor daudela".

"Dagokienean" aterako dira espetxetik, berretsi du San Josek, eta egindako kaltea "onartuz" egitea nahi dutela azpimarratu du, eta euskal gizartean birgizarteratzeko "prestatu" nahi dituztela.

Nolanahi ere, sailburu sozialistak argitu du terrorismoagatik zigorra betetzen ari diren presoak euskal espetxeetako preso guztien "% 10 baino ez" direla. Hori dela eta, bere sailak horien guztien "eskubideak modu berdinean zainduko" dituela adierazi du eta, azpimarratu duenez, zeregin horrek "administrazioen arteko begirada osoa, osagarria eta laguntzailea merezi" duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak argazkiak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak