Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Eusko Jaurlaritzan koalizio-gobernua osatzeko programa-akordioa ixtear daude EAJ eta PSE-EE
Dokumentua dagoeneko adostuta dago, gai jakin batzuk izan ezik, eta, beraz, "datozen ordu edo egunetan" ituna itxi eta publiko egin dezakete.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzan koalizio-gobernua osatzeko programa-akordioa ixtear daude EAJ eta PSE-EE. Bi aldeek "lehenbailehen" amaitu nahi dituzte negoziazioak, Imanol Pradales jeltzalea lehendakari bihurtuz, baina hainbat gai ixteke dituzte oraindik.
Bi aldeak egunak daramatzate akordioa ixteko bilerak egiten. Astelehen honetan bertan, Europako hauteskundeen biharamunean, bi aldeek berriro hitz egin dute Eusko Jaurlaritzan osatuko duten koalizio-gobernu berriari buruz.
Antza denez, dokumentua adostuta dago jada, gai jakin batzuk izan ezik, eta, beraz, "datozen ordu edo egunetan" ituna itxi eta publiko egin dezakete. Orduan, PSE-EEk kontsulta egin beharko die alderdi horren militanteei.
Albiste-agentziek aipatutako iturriek ziurtatu dutenez, bi aldeek koalizio-gobernua osatzeko programa-akordioari besterik ez diote heldu orain arte, eta behin betiko ixten denean, Jaurlaritzaren egituraz hitz egingo dute. Pradalesek zeresan handia izango du egitura horretan, bera izango baita lehendakaria.
Fase horretan jakinarazi beharko du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Jaurlaritzan modu aktiboan parte hartzeko asmoa duen edo alderdiko buruzagitzan aritzen den soilik.
Itxura guztien arabera, sozialistek ordezkari gehiago izango dituzte koalizio-gobernu berrian; izan ere, ordezkari gehiago lortu zituzten apirilaren 21eko hauteskunde autonomikoetan.
Organigrama berria eta arlo bakoitzeko sailburuen izenak, ordea, aurrerago ezagutzea espero da. Pradalesek ekainaren 22an egingo du karguaren zina Gernikako Arbolaren aurrean, Eusko Legebiltzarrean egingo den inbestidura bilkuratik bi egunera, hain zuzen ere.