Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Kataluniak zerga guztiak biltzeko proposamenak EAEn eta Nafarroan zer eragin izango duen galdetu du Hualdek
Nafarroako Parlamentuko presidentea "arduratuta" agertu da, Sanchezen Gobernua finantzazio arloan erkidegoekin "konpromisoak" hartzen ari delako, eta EAErekin eta Nafarroarekin zer gertatuko den galdetu du. Gainera, eskubide historikoak "zaindu" eta "bermatu" egin behar direla adierazi du.
O. A. | EITB Media
Azken orduotan zeresana ematen ari da Kataluniako Generalitateak zerga guztiak biltzeko Pere Aragones presidenteak egindako proposamena. Trukean, Estatuak erkidegoan ematen dituen zerbitzuengatik kopuru bat transferitzea eta lurraldeen arteko "orekari" laguntzeko ekarpena egitea proposatu du. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea "arduratuta" agertu da Sanchezen Gobernua finantzazio arloan erkidegoekin "konpromisoak" hartzen ari delako, eta, testuinguru horretan, oinarri historikoak dituzten komunitateekin, EAErekin eta Nafarroarekin, zer gertatuko den galdetu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan ohartarazi duenez, Espainiako Estatuak "tentazioa" izan du askotan "kafea guztientzat" formula ezartzeko eta horregatik eta epaitegietako azken epaiak ikusita, eskubide historikoak "zaindu" eta "bermatu" egin behar direla defendatu du.
Nekazariak han eta hemen egiten ari diren protesten harira, beraien aldarriak aintzat hartu bai, baina martxoaren 7an Nafarroako Parlamentura sartzeko egin zuten ahaleginak "ondorioak" izan behar dituela nabarmendu du Hualdek. Egunean bertan egin bezala, Parlamentura sartzeko saiakera eta Chiviteren eta parlamentarien aurkako irainak "lotsagarriak" izan zirela salatu du. Halaber, atsekabetuta agertu da gertaturikoa gaitzesteko adierazpen instituzionala onartzerik izan ez zutelako.
Bestalde, Korrikaren harira Nafarroan sortutako polemikaren harira, Hualdek esan du bereizi egin behar direla Korrikaren antolakuntza batetik eta euskaren aldeko lasterketan egiten diren aldarrikapenak, bestetik. UPNk eta PPk eskatu dute Korrikara bideratutako dirua berreskuratzea eskatzeko, ibilbidean zehar ETAko presoen aldeko irudiak agertu direlako. Horri lotuta, laguntzak mantendu egingo direla gaineratu du Nafarroako Parlamentuko presidenteak.