Politika -

KANPAINAURREA

EH Bilduk jeltzaleei elkarrekin gobernatzeko egindako proposamena errefusatzeko eskatu dio De Andresek EAJri

Gobernatzeko EH Bilduren babesa erabiliko ote duen argitzeko eskatu dio Javier de Andres PPko lehendakarigaiak alderdi jeltzaleari. Bestalde, Carmelo Barrio ez da berriro legebiltzarkide izango, eta De Andres ordezkatuko du Kongresuan.

De Andes eta Feijoo. Argazkia: EFE
De Andes eta Feijoo. Argazkia: EFE
De Andes eta Feijoo. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres Euskadiko PPko presidentearen hitzetan, EAJ "ez da fidagarria", eta EH Bilduk jeltzaleei elkarrekin gobernatzeko egindako proposamena "argi eta garbi" errefusatzeko eskatu dio EAJri, "oraindik ez duelako egin".

PPren lehendakarigaia aurkezteko ekitaldian egin ditu De Andresek adierazpen horiek, Alberto Nuñez Feijoo Espainiako PPko presidentea, Esther Martinez Euskadiko PPko idazkari nagusia eta Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentea bertan zirela.

De Andresen iritzian, "Europan eta Espainian hesiak eraikitzen ari dira; horrek isolamendu egoerara eraman du Euskadi eta gainbehera ekarri du". Zentzu horretan, Euskadik Espainiako ekonomian duen eragina puntu bat eta erdi murriztu dela aipatu du, % 5,89raino.

Horren aurrean, esan du Euskadi "Espainiako abangoardian" jarri nahi duela berriro PPk, euskal eredua "oso zaharkituta geratu delako, eta lehenak berriro izateko anbizioa behar dugulako".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

De Andresek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ere izan du hizpide, eta horren erreforma osoa proposatu du, "ez baita bidezkoa lan egin gabe autonomo batek baino gehiago irabaztea". Errenta horiek, PPren lehendakarigaiaren aburuz, "gizartetik eta lan merkatutik kanporatzen dituzte herritarrak".

"Jendeak lan egitea nahi dugu, hori da integratzeko modua, eta ez ordainsariak emanda. Ahaleginaren kulturara itzuli behar gara", gaineratu du.

"Guztia irabaztera"

PPko presidenteak, bestalde, adierazi du lehendakarigai popularrarekin "guztia irabaztera" joango direla eta "euskal agenda euskal herritarrena soilik" dela bermatuko duela. "Euskadi kategoriaz igoko dugu", gaineratu du.

Nuñez Feijook esan du "oso indarberrituta" dagoela egungo euskal PPrekin, "konplexurik gabeko" alderdia delako, eta Espainiako Estatuko erkidegoen zerrendan Euskadi ezin dela "17tik 13." egon kritikatu du. "Hirugarren postuan dagoen galiziar batek esaten du; beraz, lagunok, igo dezagun kategoriaz Euskadi", adierazi du.

"Gu gara, Bildurekin batera, zoritxarrez, gorantz egiten ari den alderdi bakarra. Aukeratu beharra dago Bilduk gora egitea edo PPk gora egitea nahi dugun. Euskal herritarrak jakintsuak dira, eta oso ongi dakite Bilduren eta Alderdi Popularraren artean erabateko aldea dagoela", azaldu du.

PPko zerrendak

Momentuz, Euskadiko PPk ez ditu apirilaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaien zerrendak ezagutzera eman. Baliteke Laura Garrido legebiltzarkidea zerrenda berrietan ez izatea. 2006az geroztik dago Garrido Eusko Legebiltzarrean.

Bestalde, Carmelo Barrio PPko politikaria ez da berriro legebiltzarkide izango, eta De Andres ordezkatuko du Kongresuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP EAEko hauteskundeak Euskadiko PP Hautagaiak Javier de Andres Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alberto Núñez Feijóo