Politika -

Kanpainaurrea

Eneko Anduezak Osakidetzako plantilla 2.000 lanpostutan handitzea agindu du, "atzera erreferente izan dadin"

Lehendakarigai sozialistak apirilaren 21eko hauteskundeetarako hautagaien aurkezpenean azaldu duenez, PSE-EE da "ezker arduratsua, herri ikuspegia duena", EH Bildu eta EAJ "zein baino zein abertzaleago" izateko lehian dabiltzan bitartean. 

PSE-EEren hautagaien aurkezpena, gaur, Barakaldon. EFE.
PSE-EEren hautagaien aurkezpena, gaur, Barakaldon. EFE.
PSE-EEren hautagaien aurkezpena, gaur, Barakaldon. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaritzarako hautagaiak hitz eman du, bera lehendakari izaten bada, 2.000 lanpostutan handituko duela Osakidetzako plantilla, Euskal Osasun Zerbitzua "erreferente izan dadin atzera", "denen inbidia". Gainera, azpimarratu duenez, alderdi sozialista da EAEko "ezker arduratsua, ezinbestekoa eta herri ikuspegia duena", EH Bildu eta EAJ "zein baino zein abertzaleago" izateko lehian dabiltzan bitartean, edo "oinak lurrean dituzten independentistak, ala munta handikoak diren" ikustekoan. 

Igande goiz honetan Barakaldoko Ilgner eraikinean, datozen hauteskunde autonomikoetarako hautagaitzak aurkezteko ekitaldian, izan dira, besteak beste, Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburua eta Aroa Jilete Arabako zerrendaburua, bai  eta Pilar Alegría Hezkuntza ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramailea ere. 

Ekitaldia Barakaldon izanik, Anduezak gogorarazi du Ezkerraldean daudela euskal sozialisten "sustraiak" eta "erantzukizuna" agertu du "euskal sozialismoaren figura handien lekukoa hartzeko". Datorren apirilaren 21ean Alderdi Sozialista Euskadiko gobernura eramateko helburua duela esan du, "Euskadik berriro sozialista izan behar duelako".

Erronka klimatikoa, mugikortasun jasangarria, erronka demografikoa edo "erabateko eraldaketa" aipatu ondoren, ohartarazi du PSE-EEk ezin diola "eraldaketa soziosanitarioari heldu, osasunaren arloari erreparatu gabe".

"Pandemiaren ondorioz legegintzaldi honetan zerbait ikasi badugu, hori izan da, Osakidetza ez zela hutsezina. Eta sistemaren josturak ikusi ditugu. Eta jostura nagusia, ondo dakizue, profesional falta da. Sozialistok aspalditik ari gara egoera horri buelta ematen saiatzeko lanean ", gaineratu du.

Lehendakarigaiak ziurtatu duenez prest da "Euskadiren gidoia aldatzeko lanean hasteko", eta baikor agertu da hauteskundeen emaitzei dagokionez, "PSE-EE funtsezkoa eta beharrezkoa izango delako".

Anduezaren iritziz, "alderdi sozialista da ezker arduratsua, erabakien erdigunean dagoena, gobernuei egonkortasuna ematen diena, akordioa bilatzen duena, elkarrizketa, Euskadi den herri plural, askotariko eta askatasunez betetako honetan bizikidetza lortzeko borrokatzen duena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza PSOE Barakaldo Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Eneko Andueza