Politika -
EITB Focus
EAJ aise nagusituko litzateke bototan Bizkaian, eta EH Bilduk aldea murriztuko luke
Jeltzaleek 9 puntuko aldea atera liokete bototan EH Bilduri, baina koalizio abertzaleak erdira murriztuko luke aldea eserlekutan. Bestalde, PSE-EEk 4 legebiltzarkide eskuratuko lituzke, eta PPk eta Podemosek, bana. Sumarrek, berriz, ez luke ordezkaritzarik izango.
eitb media
EAJ izango litzateke Bizkaiko alderdi bozkatuena Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 9 puntu baino gehiagoko aldearekin, eta EH Bilduk gora egingo luke eta erdira murriztuko luke jeltzaleekiko aldea eserlekutan, 6tik 3ra hain zuzen ere.
EITB Focus inkestaren arabera, EAJk 11 legebiltzarkide lortuko lituzke, 2020an baino bat gutxiago. Koalizio abertzaleak, bere aldetik, bi gehiago eskuratuko lituzke, hots, 8.
PSE-EE ere hazi egingo litzateke, eta 4 parlamentari bereganatuko lituzke, gaur egun baino 1 gehiago.
PPk, ordea, ordezkari bat galduko luke, eta 2 izatetik bakarra izatera pasatuko litzateke.
Azkenik, Podemosek eserleku bat izango luke, eta Sumarrek eta Voxek, bat ere ez.
Dena dela, Podemosek eta Sumarrek koalizioan aurkeztea adostuko balute, eserlekuen aurreikuspenak aldatu egingo lirateke ezkerreko alderdien artean: PSE-EEk ez luke lortuko laugarren legebiltzarkidea, eta horren ezkerrera dagoen koalizioaren esku geratuko litzateke hura. Beraz, 2 izango lituzke orotara Podemosen espazioko koalizioak.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.
Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.