Politika -

Euskal Herria

Itxita jarraitzen duten mugako lau pasabideak urriaren 30ean irekiko dituztela iragarri du Frantziak

Horrela, Hendaiako Avenida zubia, Izpegiko lepoa eta Aldudeko eta Larraingo pasabideak berriz zabalduko dituzte, bi urte baino gehiago itxita izan ondoren. Bederatzi pasabide blokatu zituzten 2021eko urtarrilaren 14n. Frantziako Gobernuak segurtasun arriskuak argudiatuta itxi zituen pasabideak.

Hendaiako Avenida zubia (Lapurdi).
Hendaiako Avenida zubia (Lapurdi).
Hendaiako Avenida zubia (Lapurdi).

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri duenez, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan itxita jarraitzen duten lau pasabideak urriaren 30ean irekiko ditu Frantziako Gobernuak. Horrela, Hendaiako Avenida zubia, Izpegiko lepoa eta Aldudeko eta Larraingo pasabideak berriz zabalduko dituzte, bi urte baino gehiagoz itxita egon ondoren.

Bederatzi pasabide blokeatu zituzten 2021eko urtarrilaren 14n, eta egun lauk jarraitzen dute itxita: Izpegiko pasabidea (baigorritarrek erabiltzen dutena), Iturzaeta (larraindarrentzat), Kintokoko muga-puntua (Aldude eta Urepeleko herritarrentzat ezinbestekoa) eta Hendaiakoa. Akaso, azken hau izango da joan-etorri gehien hartzen dituena eta, hortaz, oztopo gehien sortu dituena.

Espainiak eta Frantziak lantalde bat sortzea adostu zuten 2023ko urtarrilaren 19an, bi estatuetako segurtasun indarren talde bateratuak sortzeko eta mugako pasabideak berriro zabaltzeko. Frantziako Gobernuak segurtasun arriskuak argudiatuz itxi zituen pasabideak.

Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea prefetarekin bildu zen 2023ko otsailean, eta Jean Dominique Iriart Larraingo auzapezak gutuna idatzi zion prefetari, blokeoa kentzea exijitzeko. "Schengengo Ituna bera urratzen dute, askatasuna zalantzan dago", esan zuen.

2022ko azaroaren 30ean, oraindik zortzi pasabide itxita zirenean, Pirinioetako Lan Elkartea osatzen duten zazpi lurraldetako ordezkariek (Euskadi, Nafarroa, Akitania Berria, Okzitania, Katalunia, Aragoi eta Andorra) muga zabaltzea eskatu zieten Espainiako eta Frantziako Gobernuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoa Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Frantzia Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua