Politika -
M28 hauteskundeak
Datozen lau urteetarako alkate eta ordezkari foralak hautatzera deituta daude 2,2 milioi euskal herritar
EAEko 1,7 milioi lagun eta 500 000tik gora nafar daude deituta igande honetan euren udaletako eta batzar nagus nahiz parlamentuko ordezkariak hautatzera. Hauteslekuak zabalik izango dira 09:00etatik 20:00etara.
EITB Media
Igande goizeko 09:00etan zabaldu dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan udal eta foru hauteskundeetarako hauteskunde-mahaiak, aparteko gora beherarik gabe. 2,2 milioi euskal herritarrek euren tokiko eta aldundi nahiz parlamentuko ordezkariak hautatzeko bozka eman ahal izango dute 20:00ak bitartean.
EAEn 1,7 millioitik gora lagun daude bozkatzera deituak 251 udalerrietako 2.661 zinegotzi eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako 153 ordezkariak aukeratzeko, lurralde bakoitzeko 51.
Espainiako Gobernuaren Euskadiko Lurralde Ordezkaritzaren datuen arabera, udal hauteskundeetan 1.708.980 lagunek osatzen dute errolda, horietatik 6.534 Europar Batasunetik edo Espainiarekin elkarrekikotasun-akordioa sinatuta duten herrialdeetakoak, eta udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izango dutenak.
Foru hauteskundeei dagokionez, hautesle-errolda 1.702.446 pertsonakoa da, espainiar herritartasuna dutenek soilik bozka dezaketenez.
Korreoz bozka eman duten 58.064 pertsonez aparte, beste guztiek euren botoa eman ahal izan dezaten, 8082 lagun izango dira 718 hauteslekuetako 2694 mahaietan.
Gainera, hautesleku horietako segurtasuna bermatze aldera, 1.544 agentek osatutako dispositiboa izango da martxan; 1.217 ertzaina, Espainiako Poliziako 184 agente, 108 guardia zibil eta 36 udaltzain, zehazki.
Hauteskunde hirukoitzak Nafarroan
Nafarroan 272 udalerritako 2.002 zinegotzi eta Parlamenturako 50 ordezkari hautatuko dituzte. Gainera, kontzejuetarako hauteskundeak ere ospatuko dituzte foro erkidegoan.
522.215 lagunek osatzen dute Nafarroako hautesle-errolda, inoizko kopuru handiena. Horietatik 489.458 Nafarroan bizi dira eta 29.804 atzerriko 103 herrialdetan. Horiek 160 enbaxada eta kontsulatutan bozkatu ahal izango dute.
Horiei gehitu behar zaizkie Nafarroan bizi diren 2.953 atzerritar, Europar Batasuneko edo Espainiarekin elkarrekikotasun-akordioa sinatuta duten herrialdeetatik datozenak.
15.192 nafarrek jada korreoz igorri dute euren bozka. Gainerakoek ipiniko diren 999 hauteskunde-mahaien artetik dagokion hartan bozkatu ahal izango du igandean.
Hiru hauteskundeetarako 8,2 milioi boto-paper inprimatu dituzte.
Hauteskunde egun honetarako 2000 agentetik gorako dispositibo bat antolatu dute. Horietatik 485 Espainiako Poliziako agenteak izango dira, 889 guardia zibilak, 440 foruzainak eta Iruñeko 170 udaltzain, baita gainerako herrietako 95 udaltzain ere.