Politika -
EITB Focus
EAJk indartu egingo luke bere gehiengoa hiru lurraldeetan eta EH Bilduk ere hazkundea izango luke
Jeltzaleek irabaziko lituzkete hiru lurraldeetako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, gora eginda. Koalizio abertzaleak ere hazkundea izango luke, eta PSE-EE, Elkarrekin koalizioa eta PP jaitsi egingo lirateke, are gehiago bi azken indar horien kasuan.
David Perez | eitb media
EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru lurraldeetan gora eginda, eta Bizkaian lehen aldiz gehiengo osoa lortuta, EITB Focus makroinkestaren arabera. EH Bilduk, aldiz, hazkunde nabarmena izango luke eta berretsi egingo luke bigarren postua, PSE-EEtik aldenduta.
EITB Focus inkesta berezia Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz egindako handiena da, eta udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete falta direnean egin dute. Hauteskunde horietan, boto-emaileek Batzar Nagusietako eta udaletako ordezkariak hautatuko dituzte, eta horiek ahaldun nagusiak eta alkateak izendatuko dituzte gero.
Makroinkesta honen emaitzak lortzeko, orotara 6.600 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte Euskadin, hauteskundeen inguruan inoiz egindako erradiografia zehatzena marraztuta.
EITB FOCUS, Batzar Nagusiak, inkesta osoa (PDFa)
EITB FOCUS, Nafarroako Parlamentua, inkesta osoa (PDFa)
Horren ildotik, EITB Focusen arabera, boto-emaileek indartu egingo lituzkete EAJren gehiengo instituzionalak, eta EH Bildu ere hazi egingo litzateke hiru lurraldeetan, bai eserlekutan, bai boto-portzentajean.
Bestalde, PSE-EEk jaitsiera txikia izango luke hiru lurraldeetan, eta Elkarrekin koalizioa (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute) amildu egingo litzateke, batik bat Gipuzkoan, ordezkarien erdiak galduko lituzkeelako bertan.
Azkenik, PPk ere azken hauteskundeetako beheranzko joerari eutsiko lioke, eta Voxek ez luke ordezkaririk eskuratuko foru erakundeetan, baina gertu izango luke Arabako Batzar Nagusietan eserleku bat lortzea.
Lurraldez lurralde, berritasun nagusia Bizkaian emango litzateke. Bertan, EAJk gehiengo osoa lortuko luke lehen aldiz. Hain zuzen ere, 26 batzarkide izango lituzke, 2019an baino bat gehiago. Horren aurrean, EH Bildu bigarren izango litzateke, duela lau urte baino bi ordezkari gehiago eskuratuta: 12.
Lehia estuena Gipuzkoakoa izango da. Nolanahi ere, alderdi jeltzaleak mantendu egingo luke koalizio abertzalearekiko azken foru hauteskundeetan lortutako aldea.
Nabarmen haziko lirateke bi alderdiak, baina neurri berean egingo lukete: batzarkide bat eta 1,2 puntu egingo lukete gora biek ala biek.
Araban, EAJk hobetu egingo lituzke 2019ko emaitzak eta Ramiro Gonzalezek, hots, hauteskunde hauetan berriz ere hautagai den egungo ahaldun nagusi bakarrak, hirugarren agintaldia erdietsiko luke, betiere azken legegintzaldiko akordioak errepikatuko balituzte.
Bihar, udal hauteskundeak
Asteartean, EITB taldeko hedabideek EITB Focus makroinkestaren hirugarren zatia publikatuko dute, udal hauteskundeetarako boto aurreikuspenekin.
Ondoko herrietako emaitzak eskainiko dituzte: Gasteiz, Donostia, Bilbo, Iruñea, Laudio, Agurain, Irun, Tolosa, Eibar, Barakaldo, Getxo eta Basauri.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.