Politika -
Memoria historikoa
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Pasaiako badiako segadaren auzia irekiko du berriro
Atariko froga gisa ezagutze erronda bat egingo dute martxoaren 28an, Joseba Merinok, segadatik bizirik atera zen bakarrak, polizia bat ezagutu duela eta.
eitb media
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Pasaiako Badiako segadaren auzia berriro zabalduko du. 40 urteren ondoren, Komando Autonomo Antikapitalistako lau kideren heriotza eragin zuen segada ikertuko dute eta atariko froga gisa ezagutze erronda bat egingo dute martxoaren 28an.
Enrique Casas buruzagi sozialistaren hilketaren ostean, Komando Autonomo Antikapitalisten kontrako operazioan, Espainiako Polizia Nazionalak lau lagun hil zituen: Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas.
40 urte geroago, segadatik bizirik atera zen bakarrak, Joseba Merinok (17 urteko kartzela-zigorra bete zuen Casasen hilketagatik), zenbait polizia errekonozitu dituela uste du, eta horrek eman dio bidea justiziari auzi berriro zabaltzeko. TVEn ikusitako irudi batzuetan uste du berak polizietako bat ezagutu zuela. Hala, Merino deitu du epaileak errekonozimendu erronda horretara.
Hildakoen familientzat albiste ona da, nahiz eta zailtasunak izango direla onartzen duten. Izan ere, 40 urteko borroka izan da, Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiraino eraman dituena, baina han ere, delitua izan zela bai, baina delitugileak identifikatu ezean aurrera egiteko biderik ez zegoela esan diete beti.