Politika -

2023ko AURREKONTUAK

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte; PP+Csk ez dio negoziatzeari uko egin

Behin bilerak amaituta, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak baieztatu du Euskadik aurrekontu "oso sendoak" izango dituela 2023an, babesa emango dien gehiengo parlamentarioari esker, eta deitoratu egin du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk negoziazioa utzi izana.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea
EH Bilduk eta E. Podemosek ez dituzte babestuko Aurrekontuak; PPk ez du oraindik atea itxi

02:51

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa aurkeztuko diete Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuei. Koalizio bakoitzak Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin hiru bilera egin ostean, bi taldeek uste dute Exekutiboak ez duela negoziatzeko borondaterik izan.

Behin bilerak amaituta, Azpiazuk baieztatu du Euskadik aurrekontu "oso sendoak" izango dituela 2023an, babesa emango dien gehiengo parlamentarioari esker, eta deitoratu egin du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk negoziazioa utzi izana.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak astearte honetan iragarri duenez, bere taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko die Eusko Jaurlaritzaren 2023rako aurrekontuei, ez baitu ikusi "benetako negoziazio bokaziorik" kontuak negoziatzeko. "Ez dugu errealitatearekin bat ez datorren antzezpen ariketarik egingo", azpimarratu du.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin hirugarren bilera egin ostean, Iriartek hedabideen aurrean hitz egin du bere erabakia azaltzeko, eta azpimarratu du EH Bilduk ez duela Jaurlaritzak joan den astean egin zion proposamenean islatuta ikusi koalizioaren ustez "atzeraezinak eta apelaezinak diren arazoei erantzuna ematen dieten proposamenetako bat ere".

Halaber, azaldu duenez, "zorroztasunagatik eta herritarrei zor dien leialtasunagatik", "zorrotzagoa da esatea aurten Jaurlaritzak ez diela erantzun EH Bilduk egiten zituen eta zentzuzkoak diren proposamenei".

Azpiazuren ustez, aldiz, "euskal aurrekontuarekin zerikusirik ez duten baldintzek markatu ahal izan dute talde horren jarrera aldaketa", eta koalizio abertzaleak eskatzen zuen 450 milioi euroko kopurua "neurrigabea" dela esan du. Euskadin duen jarrera Estatuko Aurrekontu Orokorrei emandako babesarekin kontrajarri du, eta esan du: "Beharrezkoak diren lekuetan (haien botoak) hemen baino gutxiago eskatzen dute".

Bestalde, Pedro Azpiazuk berretsi du Eusko Jaurlaritzaren eskaintzak EH Bildurentzat interesgarriak diren esparruetan eragina zuela, ekonomikoki eta eskumenen aldetik, baina ahal zen neurrian.

Sailburuak egiaztatu du aurrekontuen negoziazioetan batzuetan baldintzak betetzen direla eta beste batzuetan ez, eta oraingo honetan, Jaurlaritzak ez du tarterik izan aurrekontu-akordio batera hurbiltzen jarraitzeko.

EP-IUk ere ezetz

Elkarrekin Podemos-IUk ere osoko zuzenketa aurkeztuko du, Eusko Jaurlaritzak hasieratik negoziatzeko borondaterik izan ez duela egiaztatu ondoren.

Koalizioko ordezkaritza bat, Miren Gorrotxategi buru, Azpiazurekin bildu da aurrekontu akordio bat lortzeko aukerak aztertzeko. Bozeramaileak berak aurreko astean esan zuen aukera hori oso urrun zegoela.

Elkarrizketen hirugarren bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk akordioa lortzea ezinezkoa dela egiaztatu dute, goizean EH Bildurekin gertatu den bezala.

Gorrotxategik azaldu duenez, Jaurlaritzak hasieratik argi utzi die ez duela oposizioko taldeen babesik behar aurrekontuak aurrera ateratzeko, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute Legebiltzarrean.

Bere ustez, proiektuak ez die erantzuten "herrialdeko erronka handiei", Osakidetzako itxaron-zerrendei, eskola publikoa bultzatzeari, etxebizitza eskubidea bermatzeari, energia eskuratzeko eskubide subjektiboa aitortzeari, trantsizio klimatikoa sustatzeari ezta industria lehiakorragoa eta "justizia sozial hobea" lortzeari ere.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuei 41 milioi gehitzea eskaini zion Elkarrekin Podemos-IUri (% 0,2); koalizioaren asmoa 511 milioi euro gehitzea zen.

Sailburuaren ustez, hauteskunde aurreko une honek alderdi moreak "bereari eustea" eragin du, eta ez dio "pauso bakar bat ere" ematen utzi. Hausturak, gainera, ez du zerikusirik, bere ustez, hezkuntza-itunaren desadostasunarekin.

PP+Csk ez dio negoziatzen jarraitzeari uko egin

Azkenik, PP+Cs eskuineko koalizioak "nahiko eskasa" ikusten du Eusko Jaurlaritzaren planteamendua, baina ez dio negoziatzen jarraitzeari uko egin.

Bileraren ostean, Carmelo Barrio PP+Cseko legebiltzarkideak iragarri du bihar talde parlamentarioaren bilera egingo dutela aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztu ala ez erabakitzeko eta zuzenketa partzialak kuantifikatzeko.

Barriok berretsi du bere taldeak, gaur egun, ez duela "hausturarako planteamendurik", baizik eta Eusko Jaurlaritzari zuzenketen izapidean negoziazio-agertoki bat proposatzen diola, eta horretara, esan duenez, "ez dago ohituta".

PP+Csek ez du "ezer garrantzitsurik jaso, ezta nahikoa ere", azaldu du Barriok, eta deitoratu du Gobernuak ere ez duela "fiskalitaterik" jorratu nahi izan, familiek eta enpresek zergak "arintzea" behar dutenean.

Horrez gain, jaso duten proposamen ekonomikoa "eskasa" izan da, eta Jaurlaritzak ez du bere taldearekin "egin zezakeen ahalegina" egin.

Hala ere, Pedro Azpiazuk esan du Alderdi Popularrak izaera fiskaleko neurriak proposatu dituela, eta esan die, gainerako taldeei bezala, Jaurlaritzak ez duela "urrats bat bera ere gehiago emango arlo horretan" urtarrilean foru aldundiekin batera hausnarketa fiskal bat hasi arte.

Gaineratu duenez, PPren zuzenketa partzialak onar daitezke, baina "baita beste talde batzuenak ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak