Politika -
MANIFESTAZIOA
Sortu: "Eraldaketa gauzatzeko lidergoa hartu behar du ezker independentistak"
Estropaden bigarren jardunaldian urtero egin ohi dutenez, ehunka lagunek hartu dute parte independentziaren alde Sortuk Donostian deitutako manifestazioan, "Independentziarako indarra" lelopean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aritz Arzallus Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoak ezker independentistaren papera aldarrikatu du gaur eguerdian Donostian, "bizi dugun ezegonkortasun egoera honetan, egoera aldatzeko". "Independentziarako indarra aldarrikatu dugu Donostiako kaleetan, guztia aldatzeko. Eraldaketa hori gauzatzeko lidergoa ezker independentismoak hartu behar du" adierazi du.
Estropaden bigarren jardunaldiarekin bat eginez "Independentziarako indarra" lelopean antolatutako manifestazioa abiatu aurretik, Arzallusek ohartarazi du "jaigiroan egon arren", ezin dela ahaztu "ezengonkortasun egoera bizi dugula Euskal Herrian ere. Ez da hondamendi natural bat, batzuk saldu nahi diguten bezala. Badaude errudunak, izen-abizenekin".
Gauzak horrela, "bizitza eta zaintza erdigunean jarriko duen eraldaketa erradikala" gertatzeko "lidergo berria" behar dela aldarrikatu du eta lidergo hori bai Euskal Herrian "baita bereziki Gipuzkoan, ezkerreko independentismoak" hartu behar duela bere gain esan du.
Eraldaketa hori bultzatuko duen indarra "feminista, euskalduna, sozialista, ekologista eta bakegilea" izango dela ere gaineratu du. Hain zuzen ere hitz horiek irakur zitezkeen 13:30 aldera abiatu den manifestazioan, hainbat karteletan. Jaigiroan egin dute manifestazioa, musika jotzen zihoan talde bat zeraman kamio batek irekitzen zuelarik martxa.