Politika -

Hezkuntza lege berria

Hezkuntza itunaren harira sortutako zalantzak argitu dituzte EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek

Azken asteetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ohartarazi dute Hezkuntza Sailak hartu dituen hainbat erabakik hezkuntzari buruzko ituna urratu lezaketela. Gauzak horrela, astelehen honetan, lau alderdiek bilera egin dute zalantza guztiak argitzeko.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Hezkuntza itunarekiko konpromisoa berretsi dute sinatzaileek, nahiz eta dekretu zirriborroak kezkak piztu

1:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bilera egin dute Legebiltzarrean azken asteetan hezkuntzari buruzko itunaren harira sortu diren zalantzak argitzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza lege berriaren oinarriak joan den apirilean adostu zituzten.

Besteak beste, ondoko helburuak biltzen ditu akordioak: eskola publikoaren kalitatea hobetzea; segregazioarekin amaitzeko neurriak ezartzea; euskara oinarri izango duen sistema eleaniztuna bultzatzea; eta hezkuntza doakoa izango dela bermatzea.

Azken asteetan, baina, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kezkatuta agertu dira; izan ere, Hezkuntza Sailak hartu dituen zenbait erabakik -ikastetxeen plangintzarako dekretua edo eskolek plataforma digital bat izan dezaten Googlerekin egindako akordioa- itun horretan jasotako hainbat konpromiso urratu ditzaketela uste dute.

Horrela, bada, lau alderdietako ordezkariek eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera egin dute Legebiltzarrean, itunaren jarraipena egiteko.

Batzarra amaituta, denek adierazi dute azken egunotan sortutako zalantza guztiak argituta geratu direla eta, beraz, arlo honetan lau taldeen arteko konfiantza berreskuratu dela.

Halaber, datozen asteetan, bilera gehiago egitea adostu dute. Hurrengo hitzordua ekainaren 20an izango da, eta Bildarratzek lanerako plana eta egutegia aurkeztuko ditu orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza