Politika -

OSAKIDETZA

Lehen Arreta eta Osasun sistema publikoa "desegiteko" prozesua iraultzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Koalizio abertzaleak salatu duenez, sare publikoa desegiteko eta pribatua indartzeko plana aspaldidanik dago martxan. Egoera iraultzen hasteko hainbat neurri proposatu ditu: mediku egoiliarrei kontratu egonkorrak eskaintzea, Lehen Arretako lantaldeak handitzea edo kontratazio eredua aldatzea.

Maddalen Iriarte (EH Bildu). EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Maddalen Iriarte (EH Bildu)
Osasun sistema publikoa desegiteko eta sare pribatua indartzeko plana martxan dagoela salatu du EH Bilduk

0:16

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Arreta desegiteko abian dagoen prozesua irauli eta neurriak hartzea eskatu du EH Bilduk, "beti argi edukita ez dagoela soluzio magikorik urteetan gaizki egindako gauzak bat-batean konpontzeko".

Osakidetza berrantolatzeko neurriak iragarri ditu aste honetan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta gaiak soka luzea ekarri du. "Osasun sistema publikoa desegiteko eta sare publikoa indartzeko plana aspaldidanik martxan" dagoela azpimarratu du gaur EH Bilduk. Koalizioak gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "negozioa egin nahi" du jendearen oinarrizko eskubideen kontura.  

Maddalen Iriarte eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Gasteizen, Osakidetzak Lehen Arretan iragarritako aldaketen harira.

Anbulatorioak ixtea eta ordutegiak murriztea ez da "aldaketa kultural bat", EH Bilduren arabera, oinarrizko eskubideen aurkako eraso bat baizik. "Pertsona guztiok kalitatezko osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidea daukagu eta hori da, hain zuzen ere, arriskuan dagoena. Prozesu horretan guztian kalteturik handienak udalerri txikiak eta auzoak izango direla ohartarazi du. 

Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio EH Bilduk arazoei aurre hartzeko eta neurriak planifikatzeko gai ez izatea edo borondaterik ez izatea.

Egoera horren aurrean, orain baino lehen ere EH Bilduk proposatu izan dituen hainbat neurri aipatu ditu: mediku egoiliarrei kontratu egonkorrak eskaintzea, Lehen Arretako lantaldeak handitzea edo kontratazio eredua aldatzea. 

"Berandu goaz, baina gauza batzuk egin daitezke", nabarmendu du. Horrez gain, Lehen Arretari balioa eta prestigioa ematea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak EH Bildu Gipuzkoa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Medikuen albisteak Erizaintza