Politika -

Bilera sorta

EH Bilduk soldata igotzea proposatu du, eta Elkarrekin Podemos-IUk energia arloko itunak planteatu ditu

Bilera sortako hirugarren batzarra izan du Urkulluk, astelehenean Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko ordezkariarekin bildu ondoren, astearte honetan, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearekin eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidearekin batzartu baita.

Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarterekin eta Miren Gorrotxategirekin. Irudia: EFE/eitb.eus
Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarterekin eta Miren Gorrotxategirekin. Irudia: EFE/eitb.eus
Iñigo Urkulluk, alderdiekin egiten ari den errondan, gaur Elkarrekin Podemos eta EH Bildu hartu ditu

2:25

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari, argindarraren zein gasaren prezioaren igoerari aurre egiteko, familiak laguntzeko 250 euroko bonu bat sortzea proposatu dio, baita diru-laguntza sozialak, lanbide arteko gutxieneko soldata eta orokorrean soldatak igotzea ere.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, Urkulluri arratsaldean aurkeztu dion, 'Babes Ekonomiarako Egitasmo Integralaren' berri eman du. Koalizio abertzaleak planarekin pertsonak, ekonomia, lanpostuak, soldatak eta ongizate energetikoa babestu nahi ditu.

Ostiralean, Eusko Legebiltzarrak hartu beharreko saio monografikoan, proposamenak zehaztu eta azalduko dituela esan du Iriartek. EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, ekimen zehatzak aurrera ateratzeko "benetako eztabaida markoa" izango da.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak "berandu erreakzionatu" izana deitoratu du Iriartek; izan ere, Ukrainako inbasioa hasi zenetik 40 egun igaro dira. Egoera "denboran luzatuko" denaren sentsazioa helarazi dio lehendakariari. Horregatik, egiturazko neurriak hartzea beharrezkoa ikusten du.

Esan bezala, familiek argindarraren eta gasaren prezioen gorakadari aurre egiteko bonu energetikoa sortzea proposatu du EH Bilduk. Batez beste 250 euroko laguntza orokorra izango litzateke, eta errenta altuenak at geratuko lirateke, pertsona guztien ongizate energetikoa bermatzeko eta "faktura ezin ordainduta, inor berogailua piztu gabe ez geratzeko".

Era berean, enplegu eta soldaten inguruko itun bat planteatu du koalizioak. Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea zein negoziazio kolektiboaren bidez beharginen soldatak areagotzea nahi du EH Bilduk, erosteko ahalmenik ez galtzeko.

Jarduera ekonomikoa babesteko 500 milioi euroko kreditu bigunak bideratzea nahi du EH Bilduk, baita enpresentzako zein sektore kaltetuenentzako diru-laguntza zuzenak ere.

Epe ertainera zerga eztabaidari heltzea atzeraezina dela uste du Iriartek, Administrazioak herritarren eskaerak ase ahal izateko diru-sarrerak bermatzea beharrezkoa delako.

Bilera sortako hirugarren batzarra izan du Urkulluk, astelehenean Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko ordezkariarekin bildu ondoren, astearte honetan, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearekin eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidearekin batzartu baita. Ostegunean Eusko Jaurlaritzako bazkideak hartuko ditu, EAJ eta PSE-EE.

Elkarrekin Podemos-IU

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk lehendakariari itun sorta baten alde lan egitea proposatu dio, esaterako energia arloan kostu elektrikoak murrizteko, eta errentan, langileriaren erosteko ahalmena bermatzeko.

Batzarrean, Gorrotxategik lehendakariari dokumentu bat entregatu dio. Bertan eraldaketa energetikoa lortzeko itun bat proposatu dio, besteak beste, energia berriztagarrien enpresa publiko bat sortuz. Era berean, industriaren, enpresa txiki eta ertainen eta etxebizitzen kostu elektrikoak murrizten saiatuko lirateke.

Bestalde, konpainia elektriko eta energetikoei bazkun-zerga % 10 areagotzea edo, bestela, ezohiko errekargu bat inposatzea proposatu du koalizio moreak, baita argindar megawatt orduko 50 euro, gasa 30 euro eta erregaiak 2020ko prezioetan jartzeko akordio bat negoziatzea ere.

Gainera, esparru energetikoan, gas galdarak dituzten etxebizitza berriak eraikitzea debekatzea planteatu du Elkarrekin Podemos-IUk. Horretarako, "% 100 elektrikoak diren etxe berriak" egiteko baimena ematea eskatu du, autokontsumorako energia berriztagarrien instalazioekin.

Ildo beretik, Euskadiko etxebizitzak eraberritzearen aldeko apustua egiten du koalizio moreak, gas galdarak bero ponpekin ordezkatuz eta etxe guztiak elektrifikatuz.

Bestalde, errenta itun bat proposatu du koalizioak, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren markoan, soldatak eguneratzeko konpromisoarekin, "sektore publikoan zein hitzarmen pribatuetan, langileriaren erosteko ahalmena mantentzeko xedearekin".

Finantzen Euskal Institutua "banku publiko" bihurtzea planteatu dio Elkarrekin Podemos-IUk lehendakariari, "interes soziala oinarri hartuta" Euskadiren "garapen ekonomikoa" bultzatzeko, baita enpresa txiki eta ertainei diru-laguntza zuzenak emateko funts bat eta inbertsio estrategikoen egitasmo bat ere. Eusko Jaurlaritzako diruzaintzaren soberakinarekin (ia 1.900 milioi euro) finantzatuko lirateke.

Itun sozialaren barruan, alokairu sozialeko etxebizitza publikoen kopurua areagotu nahi du koalizio moreak, errefuxiatuen, arrisku taldeen, indarkeria matxistako biktimen… beharrizanak asetzeko.

Azkenik, 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioak 250 eurorekin osatzea eskatu dio Jaurlaritzari. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko gutxieneko adina 23tik 18ra jaistea eta laguntzaren zenbatekoa handitzea aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EH Bildu bozeramailea Miren Gorrotxategi