Politika -
Sareren manifestazioak
EAJ eta EH Bildu, ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko espetxe politika" amaitzearen alde
Sarek Bilbon biktimekin antolatu duen mahai-inguruan izan dira bi alderdietako ordezkariak, Kataluniako politikariekin eta sindikatuetako ordezkariekin batera.
AGENtziak | EITB MEDIA
Irune Berasaluze EAJren legebiltzarkideak "negoziazio politikoaren" alde egin du ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko espetxe politika" amaitzeko; eta begi onez jo du "azken hileotako gerturatze politikarekin jarraitzea", nahiz eta ohartarazi mobilizazio batzuek "lan politikoari kalte" egiten diotela. Horregatik, Sarek Euskal Herriko 200 bat udalerritan antolatu dituen mobilizazioetan ez parte hartzea erabaki du EAJk.
ETAko presoak babesten dituen herritarren sareak antolatutako mahai-inguruan parte hartu du gaur ordezkari jeltzaleak, Bilboko Euskalduna Jauregian. "Elkarbizitzarantz aurrera eginez" lelopean, ETAren, GALen eta segurtasun indarren biktimak elkartu dituzte.
"Errespetua adierazten diegu Sare bezalako mugimendu sozialek ETAko presoen eskubideen alde egiten dituzten mobilizazio deialdi guztiei, baina uste dugu negoziazio politikorako, akordiorako eta lan parlamentariorako garaia dela, ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika amaitzea nahi badugu", azaldu du.
Hori horrela, ohartarazi du presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazio batzuek "kalte" egin diezaioketela "lan politikoari". "Horregatik, EAJk ez du parte hartuko gaur arratsalderako deitutako mobilizazioetan, eta ez dugu deituko edo parte hartuko antzeko ekimenetan", berretsi du.
Iriarte (EH Bildu): "Betidanik esan dugu biktima guztiek merezi dutela aitortza, egia eta erreparazioa"
Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak ere ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko espetxe politika" amaitzea eskatu du, eta preso guztiak "Euskal Herrira itzuli arte, gradu progresioak izan arte eta gaixorik daudenak kalera atera arte" pausoak ematen jarraitzeko deia egin du.
Sarek antolatutako ekitaldian adierazi duenez, "oso garrantzitsua da, era berean, biktimen inguruan gaur egingo den gogoeta. Betidanik esan dugu guztiek merezi dutela aitortza, egia eta erreparazioa".
Bestalde, Jordi Sanchez Junts-en idazkari nagusiak, Bilboko ekitaldian bertaratu denak, adierazi du ETAren indarkeria amaitu zela 10 urte bete direnean ez dagoela arrazoirik "tentsio eta indarkeria garaietarako pentsatutako" espetxe legedi horrekin jarraitzeko.
Carme Forcadell (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, berriz, esan du "gatazka politiko orori" irtenbidea emateko "beharrezkoak" direla "adiskidetze politikak". Horregatik, ETAko presoen sakabanaketa amaitzea eskatu du.
Kataluniatik etorri da Albert Botran CUPen diputatua ere, eta presoei ezartzen dieten "salbuespenezko espetxe araudia errepresio mekanismo gehigarria" dela azpimarratu du.
Elisenda Paluzie Assemblea Nacional Catalanako (ANC) ordezkariak Sarek egiten duen lana txalotu du, baina gogor salatu du ETA desagertuta ere "presoak aske geratu ez izana".
Azkenik, ELA eta LAB sindikatuetako eledunek oniritzia eman diete ETAko presoei ezartzen zaien "salbuespenezko" politika amaitzeko emandako pausoei, baina "gehiago" eskatu dituzte. Izan ere, Igor Arroyo LABen idazkari nagusiaren ondokoak goraipatu du sindikatu guztiek "aho batez" defendatzen dutela hori.