Politika -
Frankismoko krimenak
Argentinako Justiziak atzera bota du Martin Villaren auzipetzea gizateriaren kontrako delituengatik
Oraingoz, baina, frankismoko krimenei buruzko auzia ez dute artxibatuko. Maria Servini epaileak auzipetu zuen Rodolfo Martin Villa ministro frankista ohia, 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiagatik eta 1978ko sanferminetan German Rodriguez hiltzeagatik, besteak beste.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro frankista ohia 70eko hamarkadan izandako gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuten, tartean 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiagatik edo 1978ko sanferminetan German Rodriguez hiltzeagatik.
Alabaina, gaur Argentinako Justizia ebazpen hori baliorik gabe utzi du, leporatzen zaizkion delituen erantzulea dela ziurtatzeko frogarik edo zantzu nahikorik ez dagoela ondorioztatuta. Edonola ere, oraingoz ez dute auzia artxibatuko, oraindik galdera asko argitu gabe daudelako.
Ebazpen hori eman duen Martin Irurzun magistratuaren arabera, "gizarte zibilaren zati baten aurka egiteko plan orokor eta sistematiko bat zegoela esateko froga nahikorik ez dago".
Roberto Boico magistratuak erantsi du ez dela "froga objektiborik" aurkeztu, "zuzenean edo zeharka", ministro frankista ohia auzian aipatzen direla krimenen erantzulea dela ziurtatzeko.
Maria Servini epaileak auzipetu zuen Martin Villa 70eko hamarkadan izan ziren hilketengatik eta tortura kasuengatik. Gertakari haiek gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen. Alabaina, ministro frankista ohiak helegitea aurkeztu zuen eta orain Argentinako Justiziak baliorik gabe utzi du bere auzipetzea.