Politika -
EAEko aurrekontuak
PP+Cs koalizioak amaitutzat eman ditu aurrekontuen negoziazioak
Koalizioak datozen egunetan aztertuko du osoko zuzenketa aurkeztuko duten ala ez.
Agentziak | EiTB Media
PP+Cs legebiltzar taldeko presidente Carlos Iturgaizek amaitutzat eman ditu Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontu-akordio baterako aukerak aztertzeko negoziazioak, eta datozen egunetan osoko zuzenketa aurkeztuko duten aztertuko dute.
Iturgaitzek Bilbon Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin izan duen bileraren ostean egin ditu adierazpenok, 2022ko euskal aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko aukerak ikusteko. Hurrengo ekitaldiko kontuak aztertzeko bigarren bilera zen.
Iturgaizek adierazi duenez, "zoritxarrez" ez du jaso Eusko Jaurlaritzaren aldetik espero zuten "harmena" bere taldearen planteamenduen aurrean; planteamendu horiek zergak jaistea, presio fiskal txikiagoan aritzea eta 1.000 milioiko geldikina gauzatzea zuten helburu.
"1.000 milioi metatu direnean eta gizarteko asko pandemiarekin hain gaizki pasatzen ari direnean, hala nola ostalaritza, merkataritza, autonomoak, enpresari txiki eta ertainak eta abar, diru hori guztia gauzatzeko ahalegina egin behar zen", gaineratu du.
Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez die kontraproposamenik helarazi, ez zeudelako ados gerakin hori egikaritzearekin, eta bileran sailburuari hori "aurpegiratu" dio.
Iturgaizek esan du ezker muturrari "keinu asko" egiten dizkiotela "Podemosi eta Bilduri" akordioak lortzeko, eta ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren "planteamendurik" bere taldeari aurrekontu-itun bat ixteko.