Politika -
Azaroak 17 eta 19
Azpiazuk EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bigarren bilera batera deitu ditu, aurrekontuez hitz egiteko
Sailburuak bilerak Bilboko Burtsaren eraikinean egingo ditu berriro. EH Bildu azaroaren 17rako deitu du, eta Elkarrekin Podemos 19rako.
Agentziak | EiTB Media
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU bigarren bilera batera deitu ditu datorren astean, 2022ko aurrekontuen inguruan hitz egiten jarraitzeko. Horrela, ezkerreko bi koalizioek aurkeztutako proposamenei erantzun bat emango die.
Azpiazuk PP+Cs eskuineko koalizioa, aldiz, ez du beste batzar batera deitu oraingoz. Ogasun eta Ekonomia Saileko iturriek azaldu dutenez, sailburuak eskuineko koalizioaren proposamenik ez du jaso oraindik.
Azpiazuk bilerak Bilboko Burtsaren eraikinean egingo ditu berriro. EH Bildu azaroaren 17rako deitu du, eta Elkarrekin Podemos 19rako.
Asteazkenean aurreneko bilera-sorta egin zuen sailburuak EH Bildu, Ekarrekin Podemos-IU eta PP+Csekin, hau da, oposizio guztiarekin, Vox ultraeskuineko alderdiarekin izan ezik.
Azpiazuk onartu zuenez, talde horiek ez dute akordiorik baztertu, ezta "marra gorririk" jarri ere. Aurkeztutako dokumentuei erantzungo ziela iragarri zuen sailburuak.