Politika -
Espetxeen eskualdatzea
Gaurtik aurrera Jaurlaritzak kudeatuko ditu Euskadiko espetxeak
Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak maiatzean sinatu zuten Zaballako, Martuteneko eta Basauriko kartzelen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa, eta transferentzia gaur gauzatu da.
A. S. | EITB MEDIA
Gaurtik aurrera Jaurlaritzak bere gain hartuko du Zaballako, Martuteneko eta Basauriko espetxeen eskumena, eta eskumen esklusiboa izango du Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen antolakuntza, erregimen eta funtzionamendua kudeatzeko.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua goizean goiz (08:00) bilduko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako zuzendariekin Basauriko kartzelan. Horixe izango da bere lehen ekitaldi ofiziala EAEko presondegietako kudeatzaile gisa.
Aurrez, panel bat jarriko dute Basauriko espetxean, Eusko Jaurlaritzaren eraikina dela erakusteko. Artolazabalek adierazpenak egingo ditu ekitaldi horretan eta jarraian bilerara joango da.
Batzar horretan, kartzeletako zuzendariez gain, Ana Agirre Justizia sailburuordea, Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe gaietan Eusko Jaurlaritzan aholkularia izango dira.
Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak maiatzean sinatu zuten Transferentzien Batzorde Mistoan EAEko hiru espetxeen kudeaketa Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa, baina, urriaren 1era arte ez da gauzatuko. Ostiraletik aurrera, ordea, Jaurlaritzak bere gain hartuko du espetxe-zerbitzu publikoa emateko baliabide materialen sare oso bat.
Egun 1.300 preso inguru daude Zaballako (Araba), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan, eta horietatik 100 inguru emakumeak dira. Aipatutako hiru espetxeak Euskadiri eskualdatu zaizkio eta Jaurlaritzarenak dira jada, lehen Estatuarenak ziren baldintza juridiko berdinetan.
Dena dela, Zubietako espetxe berria eraikitzen denean, 2023ko udaberrian, gutxi gorabehera, Martutenekoa Espainiako Gobernuari itzuliko zaio. Bestalde, Langraitzen lehen espetxea hartzen zuen eraikina ere Jaurlaritzaren izango da.
Euskadiko espetxeetako langileen lan-baldintzak
700 langile inguruk egiten dute lan hiru zentroetan. Gehienak espetxeetako funtzionarioak dira, eta gainerakoak lan-kontratuko langileak. Aste honetan bertan, Acaip-UGTk eta Jaurlaritzak lehen akordio bat sinatu dute langileen lan-baldintzak bermatzeko.
Horrela, gaurtik aurrera esparru juridiko egonkorra eta argia izango dute, Euskadiko espetxeetako langileek lantoki desberdinetan beren funtzioak betetzen jarraitu ahal izateko.
Itun hori 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta epe horretan espetxe-sistema berri baterako beharrezkoak diren alderdi guztiak negoziatu ahal izango dira, ez baitu apenas egiturarik.
Kartzelak kudeatzeko, 70 milioi euro Espainiako Gobernuari kendu, eta EAEko aurrekontuetan sartuko dituzte.
Erakunde berri bat, Aukerak izenekoa, arduratuko da presoen gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotutako gai guztiak antolatzeaz. Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak abuztuan onartu zuen Gizarteratzeko Euskal Agentziaren lege-proiektua, eta aste honetan onartu du araua Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez; legegintza-tresna horrek eragotzi egiten die legebiltzar-taldeei ekarpenak egitea zuzenketen izapidearen bidez.