Politika -

Memoria Historikoa

Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du frankismoan desagertutako pertsonak hobitik ateratzeko prozesua

Gogora Memoriaren Institutuko zuzendaria den Aintzane Ezenarroren ustez, Memoria Historikoaren berreskurapenean eta zabalkundean fokua jartzeko unea da.

Gerra Zibileko biktima batzuk. Argazkia. EITB Media.
Gerra Zibileko biktima batzuk. Argazkia. EITB Media.
Ezenarro: 'Memoria Historikoaren Euskal Legeak egiaren transmisioa eta erreparazio morala arautu nahi ditu'

0:19

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du Gerra Zibilean eta frankismoan Euskadin desagertutako pertsonak hobitik ateratzeko prozesua, baina ez du baztertzen etorkizunean "aurkikuntza berriren bat" egon daitekeenik.

Hala adierazi du Aintzane Ezenarro Gogora-Memoriaren Institutuko zuzendariak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean. "Argi dago ez ditugula berreskuratuko Gerra Zibilaren ostean galdu ziren gorpuzki guztiak. Ezinezkoa da, denak berreskuratuko ditugun itxaropena ezin da sortu", ziurtatu du.

Memoria Historikoaren berreskurapenean eta zabalkundean fokua jartzeko unea dela uste du Ezenarrok. Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak onartu berri duen lege-aurreproiektuak helburu hori betetzen lagunduko duela azpimarratu du.

Gogora Institutuko zuzendariaren ustez, "memoria behar-beharrezkoa da, ahanzturak hutsune etiko bat sortzen duelako eta horri aurre egin behar zaiolako". Horrela, gure iragan hurbilean gertatutakoa ezagutzeko beharra azpimarratu du, eta "kausa politiko bat duintasunaren eta giza bizitzaren aurretik jartzea" dela gaineratu du.

Zentzu horretan, "egia azaleratzea justizia egitea ere bada, biktimek beraiek eskatzen dutena". "Behin egia argitu ondoren, zabaldu egin behar da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Frankismoari buruzko albisteak Desagertutako pertsonak Gerra Zibileko biktimak Gogora albisteak EAE