Politika -

BIOGRAFIA

Ardanza, desberdinen arteko kohesioaren alde borrokatu zen lehendakaria

1941eko ekainaren 10ean jaio zen Jose Antonio Ardanza, Elorrion. Derioko Seminarioan ikasi zuen umetan, eta Durangoko Jesuiten Ikastetxean, gero. Arrasateko alkate eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen lehendakari izan aurretik.

Jose Antonio Ardanza. EITB Mediaren artxiboko irudia
Jose Antonio Ardanza
Jose Antonio Ardanza. EITB Mediaren artxiboko irudia

0:40

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Ardanza Garro 14 urtez izan zen lehendakari, eta epe horretan, euskal gizarte kohesionatu bat lortzea izan zuen helburu, demokraziaren eta askatasunaren funtsezko printzipioen defentsan.

Lehendakari gisa, gogoan izango dugu Ajuria Eneko Itunaren bultzatzailea izateagatik. Behin erretiroa hartuta, bere borondatez utzi zuen kargu baten "nostalgia" balu "ergela" izango litzatekeela esan zuen. Horren agintaldian, baina, "ETAk hil zituen 300 pertsonek" izan zuten pisurik handiena.

"Lehendakaria izatea ogibide zailenetako bat da, konplikatuenetarikoa eta oso konprometitua. Itsasargi bat zara ekaitzaren erdian, eta edonork du zu kritikatzeko eskubidea, olatu guztiak zuregana datoz", azaldu zuen Ardanzak erretiratu ostean.

Elorrion sortu zen, 1941eko ekainaren 10ean. Derioko Seminarioan ikasi zuen umetan, eta Durangoko Jesuiten Ikastetxean, gero.

Ardanza, ikasle garaian
Ardanza, ikasle garaian
Ardanza, ikasle garaian

Lurralde Historikoen Legeak eztabaida sortu zuen alderdi jeltzalearen baitan, baita zatiketa eragin ere. Orduan, Ardanza lehendakarigai proposatu zuten aldendu ziren militanteek.

Jose Antonio Ardanza, Lehendakari
Jose Antonio Ardanza, Lehendakari
Jose Antonio Ardanza, Lehendakari

Xabier Arzalluz buru zuen sektoreak foru aldundien eskuduntzak mantendu nahi zituen; Garaikoetxearenak, ostera, Eusko Jaurlaritza indartu nahi zuen. Hilabeteetako ika-miken ostean, Garaikoetxearen blokeak EAJ utzi, eta Eusko Alkartasuna (EA) sortu zuen.

"Garai latzak izan ziren", esan zuen lehendakariak orduko argazkiak ikusten ari zela: "Oso suminduta eta kezkatuta nengoen".

Ardanza en rueda de prensa en¡ 1985

Jose Antonio Ardanzaren ibilbideko mugarrietako bat abertzaleen eta sozialisten arteko koalizio anitzaren sorrera izan zen, 1986 eta 1998 bitartean.

Ardanza lehendakariaren agintaldiko lehen urteetan, ETAk Maria Dolores Katarain, Yoyes, hil zuen. Gainera, talde armatuak beste 21 pertsona erail zituen Hipercorreko atentatuan, eta Zaragozako kuartela leherrarazi zuen.

Garai gogorra eta lazgarria izan zen, baita emankorra ere.

Ajuria Eneko Ituna mugarria izan zen Hego Euskal Herriko politikaren historian. EAJ, PSE, EE, EA, CSD eta AP alderdiek sinatu zuten, zailtasun askorekin, eta Euskadin ordura arte izandako hitzarmen politiko anitzena izan zen.

Gaur 30 urte sinatu zuten Ajuria Eneako Hitzarmena
Gaur 30 urte sinatu zuten Ajuria Eneako Hitzarmena
Gaur 30 urte sinatu zuten Ajuria Eneako Hitzarmena

2:22

Euskal autogobernua ere garrantzitsua izan zen lehendakariaren agintaldian. Ildo horretatik, aipatzekoa da Ardanzak Ertzaintzari eman zion lekua.

1995eko maiatzean, Leitzarango autobidea (Donostia eta Iruñea lotzen dituena) inauguratu zuen lehendakariak. Urtebete geroago, Javier Otano (PSN-PSOE) Foru Erkidegoko presidentearekin bildu zen Ardanza, Euskadi eta Nafarroa biltzeko organoa sortzeko. Nafarroako hiruko gobernuaren porrotak, baina, lehendakariaren asmoak zapuztu zituen.

Golkoko Gerrak eta Miguel Angel Blanco Ermuko PPren zinegotziaren hilketak "sumindura sakona" eragin zioten.

Ardanzarentzat, Guggenheim Bilbao Museoa sortzea "oso erabaki konplikatua" izan zen: "Nik hartu behar izan nuen erabakia, jende askorekin hitz egin nuen. Azkenean, Euskadirentzat positiboa izan zitekeela pentsatu nuen".

1997ko maiatzean iragarri zuen ez zuela lehendakarigai berriro izateko asmorik, ia lau agintalditan Exekutiboaren arduradun izan ostean.

Bakea lortzea izan zen Jose Antonioren buruhauste nagusia. Hala, 1988ko otsailean, Ardanza Plana izenarekin ezagun egin zen bake egitasmoa sustatu zuen, arrakastarik gabe. Gerora aitortu zuenez, euskal alderdien arteko elkarrizketak ahalbidetu nahi zituen plan hura bere "testamentua" izatea nahi zuen.

Agintaldia bukatu baino lehenago, 1998ko irailaren 12ko Lizarrako Itunaren ondotik etorritako ETAren su-eten mugagabearen testigu izan zen lehendakaria.

Ardanzaren ustez 'desberdinen arteko ituna' ezinbestekoa da
Ardanzaren ustez 'desberdinen arteko ituna' ezinbestekoa da
Ardanzaren ustez 'desberdinen arteko ituna' ezinbestekoa da

1999ko urtarrilaren 2an, Juan Jose Ibarretxeri (ordura arteko lehendakariordea) eman zion Eusko Jaurlaritzaren lekukoa, EAJk aurreko urteko hauteskundeak irabazi ostean.

Politika utzita, Euskalteleko presidentea izan zen Jose Antonio Ardanza, 12 urtez. 2011n erretiratu zen, eta Pasión por Euskadi izeneko memoriak publikatu zituen. Mari Glori emazteari toki berezia eman zion bertan Ardanzak. "Emaztea gauza asko izan da niretzat; neska-laguna izan da, bikotekidea, aliatua eta inoiz inguruan izan dudan pertsonarik kritikoena", esan zuen lehendakariak 2021eko abenduan, Radio Euskadiko elkarrizketa batean.

Jose Antonio, Mari Glorirekin

2010eko martxoaren 3an, bihotzekoak eman zion etxean, Gautegiz Arteagan, eta Galdakaoko Ospitalera eraman zuten.

2012an, Patxi Lopezen gobernuak Gernikako Arbolaren Gurutzea eman zion Ardanzari, Jaurlaritzak eman dezakeen sari nagusia.

2020ko irailean eman zuen azken-aurreko elkarrizketa, ETBn. Egungo Jaurlaritzaren agintaldiaz aritu zen, eta gehiengo absolutua defendatu. Hala ere, horren arabera, "agintean dagoen pertsonaren jarrerak dena baldintzatzen du", "inposaketa" herriarentzat eta demokraziarentzat kaltegarria baita. Ildo beretik, nabarmendu zuen gobernu indartsurik gabe (gehiengo absoluturik gabe, alegia) ezinezkoa izango zela Guggenheim sortzea, Leitzarango autobidea eraikitzea edota Bilboko metroaren egitea, besteak beste.

Ardanza lehendakaria: ''Gehiengo absolutua kudeatzen jakin egin behar da''
Ardanza lehendakaria: ''Gehiengo absolutua kudeatzen jakin egin behar da''
Ardanza lehendakaria: ''Gehiengo absolutua kudeatzen jakin egin behar da''

Bi urte geroago, Radio Euskadin egindako azken elkarrizketan ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuenekoa izan zuen gogoan. ETAk PPko zinegotzia bahitu ostean Jose Maria Aznar buru zuen Espainiako Gobernuak izan zuen erreakzioaren aurrean atsekabetuta agertu zen Ardanza. Lehendakariak azaldu zuenez, Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua "etengabe kontaktuan" egon zen Jaime Mayor Oreja Barne ministroarekin, eta jeltzaleak adierazpen publiko bat egiteko eskatu zion PPko ministroari, ETAren eskaera 48 orduan betetzea "ezinezkoa" zela argi eta garbi adieraz zezan, baina ez zen horrelakorik izan.

Ardanza: "Miguel Angel Blancoren hilketak izan zuen gauza positibo bakarra gizartearen erantzuna izan zen"
Ardanza: "Miguel Angel Blancoren hilketak izan zuen gauza positibo bakarra gizartearen erantzuna izan zen"
Ardanza: "Miguel Angel Blancoren hilketak izan zuen gauza positibo bakarra gizartearen erantzuna izan zen"

01:38

Jose Antonio Ardanza gaur zendu da, desberdinen arteko kohesioaren ondarea utzita. Lehendakariak argi utzi zuen kolore ezberdinetako ideologiek bat egin dezaketela demokrazia, askatasuna, elkarbizitza eta elkartasuna defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza EAE Jose Antonio Ardanza Arrasate albisteak Eguneko albisteak Albisteak Elorrio albisteak