Politika -
ETXEBIZITZA
Etxebizitza hutsak mobilizatzea helburu duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak
Araudi berriaren arabera, urteroko kanon bat ezarriko zaie etxebizitza hutsei. Gainera, alokatzera behartu edota, kasurik larrienetan, desjabetu egin ahalko dituzte.
O. A. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsen inguruko dekretu bat onartu du gaurko gobernu bileran. Araudi berriaren arabera, urteroko kanon bat ezarriko zaie etxebizitza hutsei. Ez hori bakarrik, jabeak alokatzera behartu ahalko dituzte edota, kasurik larrienetan, desjabetu. Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 15.000 etxe huts baino gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Etxebizitza hutsen parkea mobilizatzea da helburua, Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Araudi berriak metro karratu bakoitzeko 10 euroko kanona ezartzeko aukera ematen die udalei, dagoeneko hutsik dauden eta bi urte baino gehiago hutsik daramatzaten etxebizitzei. Kopuru hori % 10 handituko da okupatu gabeko urte bakoitzeko, hasierako zenbatekoa halako hiru gehienez. Udalei dagokie dirua biltzea eta denboran mantentzea, bizilagunik gabeko etxebizitzaren ebazpena atzera bota arte. Bildutako dirua udalerri bakoitzeko etxebizitza politiketarako baliatuko da.
Nahitaezko alokairua edo nahitaezko desjabetzea
Dekretuak, era berean, etxebizitza huts bat alokatzera behartzeko aukera ezartzen du egoera horretan dauden eta tentsio handiko eremuetan dauden etxeen kasuan. Horretarako, eremu edo udalerri horrek etxebizitzarako egiaztatutako eskaria eta premia dituela adierazpen batean jasota egon beharko du aurretik.
Horretarako bi baldintza bete behar dira: batetik, Etxebiden izena emanda dauden alokairuko 100 etxebizitza-eskatzaile egotea gutxienez eta parke publikoaren bidez horien eskariari erantzuteko aukerarik egon ez izana aurreko bi urteetan, eta, bestetik, eremuan batez besteko alokairuaren prezioak udalerriko batez besteko errenta baino % 10 handiagoak izatea, gutxienez. Eremu horiek Etxebizitzako sailburuaren agindu bidez jasoko dute adierazpena, udalek beraiek eskatuta edo ofizioz.
Bestalde, dekretuak nahitaezko desjabetzea aurreikusten du muturreneko kasuetarako. Urtebete baino gehiago hutsik eman duten etxebizitzei aplikatu ahalko zaie, soilik etxebizitzaren eskaria dagoen eremuetan eta desjabetzea erabilera bermatzeko egokia denean. Desjabetzea ere posible izango da etxea erortzeko arriskuan dagoenean edo pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen duenean. Kasu horietan, etxe horiek birgaitzea eta irabazi asmorik gabeko elkarteen esku jartzea lehenetsiko da.
Aipaturiko neurri horietatik salbuetsita daude bigarren etxebizitzak; lanagatik, osasunagatik, mendekotasunagatik edo gizarte larrialdiagatik aldi baterako etxez aldatu direnak, eta gutxienez hiru hilabetez merkatuko prezioetan salmentan edo alokairuan eskainitako etxeak.
Etxebizitza Hutsen Erregistroa
Etxebizitza Hutsen Erregistroa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailean egongo da, eta etxebizitza hutsaren adierazpena duten horien jarraipena egiteko balioko du. Elektronikoa izango da, eta Etxebizitza Sailak berak eta udalek eginiko adierazpenak jasoko ditu.
Etxebizitzak hutsik egoteari uzten badio, jabeek horren berri eman beharko diote Administrazioari, adierazpena atzera bota dezan. Bestalde, prozedura artxibatu egingo da jabeak bere etxebizitza alokairu publikorako administrazioaren esku jartzen badu.
Etxebizitza hutsak mobilizatzeko laguntzak
Etxebizitza hutsen jabeek Etxebizitza Sailak birgaitzeetarako dituen laguntzetara jo ahalko dute. Alokairu babesturako erabiliko direnak egokitzeko obrek lehentasuna izango dute, eta beste laguntza batzuk ere eskuratu ahalko dituzte. Etxebizitza hutsak dituztenek aldi baterako Jaurlaritzari lagatzeko aukera izango dute Bizigune programaren bidez.