Politika -
650 tontor
Milaka herritar mendi gailurretara igo dira presoen eskubideen alde
Ekimenean, 300 herrik hartu dute parte eta, horrez gain, 1.500 pertsonak online egin dute bat.
EiTB Media
Milaka herritar mendi gailurretara igo dira gaur, Sarek eta Bake Bideak tontorretarako igoerak antolatu baitituzte presoen eskubideen alde.
"Salbuespen legediarekin amaitzea", hori izan da gaurko eskari nagusia, eta "aldaketak" badirela baina oraindik legedi hori ez dela bertan behera utzi azpimarratu dute.
650 tontor eta 350.000 kilometro, horixe zen presoen aldeko Sare plataformak gaurko deitua zuen erronka. Euskal Herriko txoko guztietatik milaka pertsonak egin dute bat.
300 herrik parte hartu dute "salbuespeneko espetxe politika desagertzeko" helburua duen 650 tontor ekimenean, eta 1.500 pertsonak online egin dute bat.
Horrela, presoen aldeko sare herritarrak "urruntze politikari amaiera emateko pauso sendorik" eman ez dela salatu du.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileak Bilboko Artxanda mendiaren igoeran izan dira. "Pertsona presoak eta errefuxiatuak etxera itzultzeko bidea, elkarbizitzarako eta bakerako bidea", aldarrikatu dute biek.
"Pertsona presoen eta errefuxiatuen egoera behin betiko konpontzea nahi dugu. Gaur indarrean jarraitzen duen espetxe politika guztiz bidegabea delako", salatu dute.
Zentzu horretan, "euskal presoei legedi arrunta aplikatuko balitzaie, gaixotasun larriak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenek etxean egon beharko lukete, eta, gradu aldaketa naturalari esker, gehienek hirugarren graduan egon beharko lukete, baimenekin, birgizarteratzeko prozesuaren baitan", gogorarazi dute bozeramaileek.
"Euskal presoak hurbiltzen hasi dira", onartu dute. Baina "oraindik urruntze politikari amaiera emateko pauso sendorik ez dute eman. Tantaz tanta, pausoz pauso, distantziak murrizten ari dira", azaldu dute. "Gradu aldaketari ate berriak zabaldu dizkiote, baina oso motel", azpimarratu dute.
Bestalde, Sarek "doluminak" adierazi eta "besarkada sendoena" bidali die Mixel Berhokoirigoinen senide, lagun eta kideei Twitter sare sozialean. "Euskal Herriak bake bideari ekiteko gakoa izan zen Mixelen lana. Gure miresmen eta esker on guztia zuretzat lagun! Ezinbesteko pertsona eta militantea", nabarmendu du plataformak.
"Gure omenaldirik sentitu eta goxoena Mixel lagunari, berak hasitako bidea helmugara eramateko lanean jarraituko dugu", erantsi du.
Azkarragaren hitzetan, "duela urte batzuk armak entregatzeko modua adosteko Espainiako Gobernuak ETArekin negoziatzeari uko egiten zion bitartean, Mixelek eta bakearen artisauek aurrerapauso bat eman eta erantzukizuna hartu zuten, nahiz eta askatasun propioa arriskuan jarri". Horregatik, Berhokoirigoinek "bake eta gatazkak konpontzeko gizon baten oroitzapena utzi eta utziko du".