Politika -

Eusko Legebiltzarra

Oposizioak covid-19aren aurkako eta txertatzeko plan zehatza eskatu dio Jaurlaritzari

Horren aurrean, EAJk eta PSE-EEk oniritzia eman diote egungoari, eta gehiengo hori erabili dute indarrean dauden laguntzei eusteko eta oposizioak aurkeztutako proposamen guztiak errefusatzeko.

Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemosekoa, Tejeriarekin hitz egiten. Argazkia: Efe
Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemosekoa, Tejeriarekin hitz egiten. Argazkia: Efe
Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemosekoa, Tejeriarekin hitz egiten. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko oposizioak covid-19aren aurkako eta EAEko herritar guztiei txertoa jartzeko estrategia zehatzagoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Horren aurrean, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gehiengo osoak egungo planari eustea onartu du, bai pandemiaren eboluzioari dagokionez, bai covid-19aren aurkako txertaketan.

Horixe jasotzen du EAJk eta PSE-EEk EH Bilduk aurkeztu duen ekimen bati sartu dioten osoko zuzenketak. Bi alderdi horien babesa jaso du soilik testuak.

Bestalde, atzera bota dute koalizio abertzaleak eta Elkarrekin podemos-IUk adostutako ekimen bat, Osakidetzari prebentzioa indartzea eskatzen ziona. Baheketak ugaritzea da eskakizunetako bat, bereziki datu okerrenak dituzten eremuetan, eta proba masiboak egitea osasun langileen eta irakasle eta ikasleen artean.

Era berean, arakatze, laborategi eta lagin taldeak indartzea proposatu dute; eta, covid-19aren aurkako txertaketari erreferentzia eginez, erizain gehiago jartzeko eta lehen lerroko langileei lehentasuna ematea aldarrikatu dute.

Rebeca Uberak (EH Bildu) zalantzan jarri du 14 eguneko epean intzidentzia metatua 60ra jaitsi ahal denik haiek proposatutako neurriak indarrean sartu gabe. "Planteamendua berrikusi behar da. Badakigu ez dagoela errezeta magikorik, baina ikusi dugu gezurra dela birusarekin bizitzearen teoria", ohartarazi du.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak, berriz, trantsizio hori negoziatu nahi ez izatea egotzi die Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EEri, eta Osasun Sailaren ahulgunea "arakatzeak" eta baliabideak direla azpimarratu du.

EAJri dagokienez, Luis Javier Telleriak esan du Eusko Jaurlaritzaren lana "egokia" izaten ari dela pandemiari aurre egiteko garaian, eta "baheketak" ez direla "osasun estrategiaren oinarria, ez dira txertoa".

Horren harira, Ekain Rico PSE-EEren eledunak berretsi du adituekin batera erabakitzen direla murrizketa neurriak. "Osasun estrategia argia dugu", nabarmendu du, pandemiaren aurka "jarrera alderdikoiak baztertu eta elkar laguntzeko" deia egin aurretik.

Laura Garrido PP+Cs-en legebiltzarkideak errepikatu du Jaurlaritza ez dela gauzak "ongi egiten ari", eta "esfortzu handiagoa" eskatu dio kontzientziazio lanean. "Eusko Jaurlaritzaren egitekoa ez da murrizketak justifikatzea soilik, baizik eta benetako erreskate planak diseinatzea", azaldu du.

Laguntza ekonomikoak

Eusko Legebiltzarrak covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko beharrezko laguntzei eustea eskatu du, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako ekimen baten bidez. PP+Cs-en proposamen bati erantzunez eztabaidatu dute gehiengo osoa duten alderdi horien testua.

Baheketak

Baheketa masiboen kasuan, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute EH Bilduren eskaera. Koalizio abertzaleak baheketak eskatzen zituen Osakidetzaren ospitaleetan, pandemia gogorren jotzen ari denetatik hasita.

Jokoaren Euskal Legea

Era berean, errefusatu egin dute Elkarrekin Podemos-IUk EAEko Jokoaren Legea aldatzeko proposamena, EAJren, PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin. Horiek araudiaren bidez gaurkotzea aholkatu dute.

Erreskate funtsa

Jaurlaritzako alderdiek EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako beste ekimen bat ere errefusatu dute, turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorea "erreskatatzeko" funtsa osatzea proposatzen zuena. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek uste dute gaur egun badaudela horretarako neurriak.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta

Bestalde, EAEn Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ezartzeko Herri Ekimen Legegilearen batzorde sustatzaileak gaur aurkeztu du proposamena Legebiltzarrean, pertsona guzti-guztiek hilero gutxienez 900 euroko diru-sarrera izatea bermatzea defendatzen duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Gaixotasunak Gizartea Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak