Politika -
Tortura
Milaka tortura izan direla onartzen duen "memoria publikoa" eskatu du Egiari Zorrek
Joxe Arregiren hilketaren 40. urteurrenean, fundazioak torturaren kontrako ekitaldiak egin ditu Zizurkilen (Gipuzkoa) eta Bilbon.
EITB Media | Agentziak
Egiari Zor Fundazioak tortura "aintzat hartzen duen memoria publiko bat" eskatu du, Zizurkilen (Gipuzkoa) eta Bilbon egin dituen "errealitate horren" kontrako ekitaldietan. Joxe Arregiren hilketaren 40. urteurrenean egin ditu ekitaldiok. Zizurkildarra kartzelan jasandako torturen ondorioz hil zen, eta hain zuzen, egun horretan egiten da Euskal Herriko Torturaren Aurkako Eguna.
Zizurkilen, antolatzaileek salatu dute tortura polizia etxeetan "praktika sistematikoa" izan dela, eta esan dute "ezinezkoa dela elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubideen urraketa larri horiek, ez badira onartzen".
Urtza Alkortak esan duenez, "14 bizitza galdu dira torturaren ondorioz Euskal Herrian, baina pertsona horietako inork ez du oraindik ezein erakunderen aldetik onarpen ofizialik jaso".
Patxi Arratibelentzat, bestalde, behin "torturaren ukapena garaituta, biktimak onartzeko ordua heldu da". Horientzat "egia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatu du, giza eskubideen urraketa larriak sufritu dituzten pertsona guztiek merezi duten maila brean".
Arratibelek kritikatu du "Estatuaren indarkeriak eragindako minaren aurrean autokritika edo onarpena" ez eskatzea. Bere ustez, bakea eraikitzeko iraganean gertatutakoaz hitz egin behar da halabeharrez, "horrek sortzen dituen korapilo guztiekin".
Bilboko mobilizazioan, Ane Muguruzak esan du giza eskubideen urraketa guztiak egon behar direla "zentsatuta, onartuta, erreparatuta eta bilduta Memoria politiketan eta erakundeen iniziatibetan".
Euskal Autonomia Erkidegoaren arabera 4.100 tortura kasutik gora izan direla gogorarazi ostean —Eusko Jaurlaritzak agindutako txostenak bildu zuen—, Nafarroan ere ikerketa hori aurrera eramatea eskatu du, "praktika hori hemendik eta edozein tokitatik desagerrarazteko beharrezko mekanismoak aktibatzeko lehen urratsa" izan dadin.
Torturaren aurkako ekitaldia Bilbon: Egiari Zor Fundazioa