Politika -
Konstituzio eguna
"Errepublika solidario" baten aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko
Euskadiko Mugimendu Errepublikarrak adierazi duenez, Konstituzio Egunean ez dago "ospatzeko ezer", "kontrakoa" baizik.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan elkarretaratzeak deitu ditu Euskadiko Mugimendu Errepublikarrak igande honetarako, “errepublika multinazional eta solidario” baten alde.
Kolektiboak agiri batean azaldu duenez, Konstituzio Egunean ez dago “ospatzeko ezer”, “kontrakoa” baizik, “egunero Konstituzioa eta 78ko itunetatik sortutako erregimena agortuta daudela agerian geratzen delako”.
“Demokraziaren 42 urteak une oro politika neoliberalek baldintzatu dituzte, herritarren eskubideak eta askatasunak murriztuz, desberdintasun soziala handituz eta politikaren izena guztiz galduz”, erantsi dute.
Pandemiak areagotutako krisi ekonomikoan, “langabezia etengabe gora egiten ari da, enpleguaren prekarizazioa, krisi klimatikoa eta haren ondorio larriak osasunean, ingurumenean eta ekonomian”, salatu dute. “Erkidegoen eta Estatuaren arteko lankidetza markoaren krisian, horrek guztiak eskubideen murrizketa berriak eta herritarren sufrimendua” ekar dezakeela ohartarazi dute.
Antolatzaileen hitzetan, “demokrazia monarkikoak eta erkidegoen Espainiak, 78an sortuak, ez dute herrien arteko bizikidetza errazten, ezta herritarrei beharrezko babesik ematen ere, mozkinak pribatizatzeko eta galerak gizarteratzeko politika kapitalisten aurrean”.
Horregatik, “Estatuaren Gobernutik eskuina kentzea” posible egin duen “itunari” prozesu konstituziogilea abiatzeko eskatu diote, “Errepublika multinazional eta solidariora” eramateko, “kargudun publikoak une oro herriaren kontrolaren menpe egoteko”, eta “politika neoliberalekin amaitzeko, herrien Europa ekologiko eta jasangarriaren alde, baketsua eta abegikorra, faxismotik eta ustelkeriarik libre”.
Elkarretaratzeak 12:00etan hasiko dira Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Ijentea kalean eta Gasteizen, Antso Jakitunaren eta Bastiturre artean.