Politika -
Koronabirusa
Agintariek bizpahiru aste itxarongo dute neurri gogorragoak ezartzeko
Etxeko konfinamendua ezarri aurretik orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatzea ezinbestekotzat jo dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoek baztertu egin dute etxeko konfinamendua orain ezartzea eta bizpahiru aste itxarongo dute orain arte hartutako neurri murriztaileak COVID-19aren pandemiari aurre egiteko eraginkorrak diren ala ez egiaztatzeko.
Hala adierazi du Salvador Illa Osasun ministroak, erkidegoetako agintariekin arratsalde honetan egindako bilera amaitu ostean.
Illak azpimarratu du oraindik ez dela iritsi herritarrak etxean konfinatzeko unea, aukera horren aurretik beste hainbat neurri murriztaile har daitezkeelako. "Zorroztasunez jokatu eta denbora nahikoa hartu behar dugu", erantsi du.
Hainbat erkidegok, tartean Eusko Jaurlaritzak, alarma-egoeraren dekretua aldatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, "beharrezkoa balitz" etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko.
Osasun Ministerioak esan du eskaria aztertuko duela, baina Illak berretsi egin du orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna konprobatzeko zientzialariek emandako epea kontuan hartu behar dela.
Bestalde, Illak esan du ez dagoela "nobedade aipagarririk" AstraZeneca farmazeutikoa lantzen ari den txertoari buruz, eta ziurtatu du "eraginkorra eta segurua" dela egiaztatu ostean soilik merkaturatuko dela.
"Uste dut urtea amaitu aurretik edo datorren urtearen hasieran txertoa izan dezakegula, betiere analisi klinikoak positiboak badira", adierazi du.